N1 ANDOAIN A15

“Eskatzen diogu Udalbatzari ez dezala alferrik galdu proiektua idazteko abagunea”

Aiurri 2022ko aza. 25a, 13:33

CII proiektuak klatetutakoen Plataformak agerraldia egin du Kontzejupean, Espainiako Gobernutik iritsiko den diru partida bereziari buruzko balorazioa egiteko. Andoaingo Udalari “ardura” eskatu dio, egitasmoa kudeatzeko garaian.

Sorburura jo dute plataformako kideek, prentsaurrekoaren hasieran. Abuztuan sortu zen plataforma, zehaztu dutenez, “ordezko proiektu berri bat zehaztu eta sustatzeko. Proiektuak ingurumenarekiko jasangarria izan behar du, pertsonen interesak errespetatuko dituena eta indarrean dagoen Hiri Antolamendurako Plangintza Orokorra kontutan hartuko du”.

Garrantzia berezia du sorburuko ideia hark, egun hauetan urrats hori gauzatzeko bidean urrats garrantzitsua eman dutelako.

Aldunditik datorren egitasmo ofizialari alternatiba lantzeko, baliabideak behar dira. Hots, dirua. Eta diruaren hotsa Madriletik datorrena da. Irailean hasi ziren negoziazioak eta egun hauetan jakin denez, Espainiako Gobernuko 2023ko aurrekontuetatik 476.000 euroko partida iritsiko da Andoainera. Udala izango da partida horren hartzailea eta kudeatzailea.

Azken egunetako gertaerak azaldu dituzte hedabideen aurrean: “asteartean ziurtatu ahal izan zen EH-Bilduk aurkeztutako zuzenketak gehiengo baten babesa izango zuela eta eskatutako diru-saila aurrera aterako zela. Atzo, osteguna, gauzatu da Andoaingo herriak inoiz jaso ez duen berri hau eta horregatik, ikaragarrizko pozez, diogu: lortu dugula, aurrekontuetan 476.000 euroko diru-saila egongo dela Andoaindik pasatzean N1 eta A15 arteko lotura berri baterako proiektua idazteko, oraingo trazatuak okupatutako lurrak aprobetxatu eta ingurugiro arloan hobekuntzak egiteko, bai klimatikoak, energetikoak, hidrikoak, zein motorizatu gabeko mugikortasunekoak, e.a., gaur egungo N1 trazatuaren problematikaren konponketari ekiteko diru-hornidura, Andoaingo bizilagun-erkidegoak etorkizunari ziurtasun nahikoarekin heldu ahal izateko.

Lorpen handi hau Andoaingo Udalak kudeatu beharko du ahal bezain arduratsu, beti ere helburu jakina lortzeko. Horregatik eskatzen diogu Udalbatzari ez dezala alperrik galdu proiektua idazteko abagunea, teknikoki behar duen laguntzarekin eta bizilagunen gehiengoak nahi duen parte hartze prozedurak jarraituz”.

Adituen premiaz ohartarazi du plataformak

Plataforma saiatuko da hainbat gaietan adituak direnak biltzen, bertakoak nahiz kanpokoak, “bertako udal teknikariekin batera eta Udalak proposa ditzakeen beste edonorrekin batera”.

Gaurkoan pozarren agertu dira plataformako kideak: “Ilusioz gainezka gaude, helburua garrantzia handikoa da eta saiatu behar dugu jakituria duen jendea biltzen, ahal dugun indar handienarekin”. Gipuzkoako Foru Aldundiari burugogorkeria alde batera utzi eta gatazkan ez sakontzeko eskaera luzatu diote, azkenik.

Prentsaurrekoa amaituta, eta hedabideen aurreko agerraldia amaituta, Iñaki Perez de Eulatek negoziazioen xehetasunak eskaini dizkie Kontzejupera hurbildutako ia ehun lagunei. Txanpaina edanez eta Tolosako tejak eta zigarrilloak janez amaitu da hitzordua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!