Emakumeen arteko sororitate-historia, zinemara eramanda

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Lasa 2022ko abe. 5a, 07:19

Maider Diaz eta Marijo Benitez, Las buenas compaƱias filmean agertuko dira.

Marijo Benitez eta Maider Diaz antzezleak andoaindarrak Silvia Munt zine-zuzendariaren En buenas compañias filmaren partaideetakoak dira. Abortatzea legez kanpo zegoen garaietako emakumeen ibilerak hizìde dituen lana da.

Franco hil osteko urteetan Errenteriako emakume feministek abortatzeko eskubidearen aldeko ekimen klandestino ausarta burutu zuten: modu duinean abortatu nahi zuten gazteei Bidasoaldeko muga administratibo-politikoa gainditzen laguntzeko sarea antolatu zuten.

Emakumeen arteko sororitate-historia hura fikziozko pelikula batera eraman nahi dute orain, Silvia Munt aktore eta zine zuzendari bartzelonarraren ardurapean. Eta horretarako, Errenterian, Pasaian eta Hendaian hainbat eszena errodatu zituzten joan den abuztuan. Alicia Falco, Itziar Ituño eta Elena Tarrats ditu protagonista nagusiak eta En buenas compañias du izenburua; hurrengo hilabetetan estreinatuko duten filma.

Nahiz eta hiru aktore aski ezagunek eraman pelikularen zama nagusia, giza kolektibo bat protagonista izan zuen historia kontatzea da zinegilearen asmoa, eta, hargatik, indar handia hartzen dute hirukotearen inguruan dabiltzan emakume solidarioen presentziak.

Halaxe ziurtatu digute Marijo Benitezek eta Maider Diazek, Nora Urdanpilleta anoetarrarekin batera Errenteriako filmatzean parte hartu zuten bi andoaindarrek.

Bizipen ahaztezina

Silvia Muntekin filmazioko partaide izatea bizipen zoragarria eta ahaztezina izan dela aitortu dute. Benitezek azaldu du Muntekin eduki duten tratua. “Pribilegioa izan da Silvia Muntekin lan egin izana. Harrigarria da filmatze egunetako sekuentzia guztietan guregan jartzen zuen konfiantza, eta ematen zigun askatasuna gurenetik jartzeko. Aurreneko egunean, denok bildu egin gintuen, eta filmaren filosofia transmititu nahi izan zigun; besapean zekarren liburu potolo-potolo bat mahai gainean jarri, eta zera esan zigun: “Liburu honek Oreretako historia kontatzea du xede, baina ez ditu bertako emakumeak kontuan hartu”. Zapla! Bota zigun mezu horrek, eta, batez ere, adierazi zigun moduak, oilo ipurdia jarri zigun guztioi”.

Askatasun osoa antzezteko

Muntek interpretatzeko unean askatasun osoa eman ziela adierazi dute bi antzezleek. Benitezen hitzetan, “historiaren kontakizunean, geu benetako protagonistak bagina bezala joka genezan eskatu zigun, eta, era horretan, bakoitzak, garenetik eta dakigunetik asko jartzeko aukera eman zigun; zenbait eszena eta egoeratan bizitza errealean nola erreakzionatuko genuen guk, halaxe antzezten genuen. Konparazio batera, kale istiluetan aurrean genuen Guardia Zibilari bultza egin behar bagenion, ez ginen mozten…”.

Zuzendariek emandako askatasun horren babesean, euskara modu naturalean elkarrizketetan, manifestazioetako oihu eta esloganetan… sartzeko aukera eduki dutela gaineratu dute biek.

Balioen transmisiorako pelikula egokia

Ez daukate zalantzarik zinemetan arrakastatsua gertatuko dela pelikula, “gure historia hurbileko problematika jakin bat eta giza sentimendurik barnekoienak ondo uztartzen dituen kontakizuna delako”.

Ideia hori sakontzen jarraitu du hizketan Diazek: “Pelikula entretenigarria izango da, eta, gainera, dokumentu bikaina bilakatuko da emakumeon historiaren transmisioaren ikuspegitik. Are gehiago, gazteei mezu argia zuzenduko die: kontura gaitezela emakumeok geure askapenean egiten ari garen bidean, dena ez dela arrosa kolorekoa, trabaz beterikoa baizik, eta, aurre egin badugu, geure ahaleginari eta sakrifizioari esker izan dela”.

Antzezpenaren munduan murgilduta

Maider Diazek eta Marijo Benitezek urte mordoa daramate antzezpengintzan. Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean aktore formakuntza osoa jasotakoak dira biak ere. Aurrez, Diaz Andoaingo Katramila antzerki eskolan ibili zen, Cristina Ropero irakaslearekin. DBHn hezkuntza artistikoko ikasketak egin ostean, orain animazio soziokultural eta turistikoko prestakuntza-zikloa ikasten ari da.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!