Indarkeria matxistak nerabetasunean

Xabier Lasa 2022ko abe. 10a, 09:23

Izaro Auzmendi Sarasa, Miriam Aleman Calatayud, Patricia Temprano Conde, Aitor Altuna Etxabe eta Sheila Melcon.

“Nerabetasunean ematen diren indarkeria matxistak eta indarkeria sexualak, ikusi, aurre hartu, esku hartu” izenburupean, mahainugurua antolatu zuten Basteron.

Emakumeenganako indarkeriaren Aurkako Egunaren harira, eta Indarkeria matxistak gazteengan dituen isladak aztertzeko asmoz, Andoaingo Udalak hainbat jardunaldi antolatu zituen. Besteak beste, aipatu mahaingurua, indarkeria matxistetan aditua den Sheila Melcon Lopez psikologoak dinamizatu zuena.

Nerabetasuneko sexu indarkerian eta indarkeria digitalean aditua den Miriam Aleman Calatayud hezitzaile, filosofo eta komunikatzaileak hartu zuen hitza lehenbizikoz, Basteron. 

Biolentzia sexual digitala eta sexpreading-a aztertu zituen, batez ere. Horiek jorratzera iritsi aurretik, ordea, zenbait kontzeptu argitu egin beharko liratekeela zehaztu zuen. “Biolentzia sexuala, biolentzia matxistaren forma bat da; balio du betikotzeko biolentzia matxista zein botere-dinamikak. 

Aldi berean, biolentzia sexuala ez da sexualitatea; ez da sexualitatearen zorigaitzeko ondorioa. Okerreko kontzepzio horrek eramaten gaitu pentsatzera, zera, biolentzia sexuala ekiditeko, sexualitatea murriztu beharra daukagula. Hain zuzen, hezitzaileei dagokigu sexualitatearen kontzeptua zabaltzea, biolentzia sexuala urri dadin. Dena esatera, horixe da arlo honetan lan egiten dugun askoren hipotesia”.

Nerabetasuna aipatu orduko, helduei, agudo batean “arriskuaren faktorea” etortzen zaiela burura gaineratu zuen. “Aurreiritziekin mugitzen gara helduok. Baina gazteekin lanketa egiten dugunok, alde daukagu geu ere gazteak izan garela, eta hortaz, geure buruari galdetzen diogu: 15 urterekin eta smartphone bat eskutan, zer ez genuke egingo, ikasketarako tresna gisa bakarrik erabili? Argi esan dezagun helduek alde daukaten gauza bakarra urtetako eskarmentua dela, ez besterik. Nerabeek, exijentzia eta nagusitasun moraletik gutxiago, eta enpatiatik, goxotasunetik, ulermenetik… gehiago behar dute”.

Helduen baloreen isla direla nerabeak esanez jarraitu zuen Alemanek, “matxismoa ez dute nerabeek asmatu. Gertatzen da politikoki zuzen izatea ere ez dutela eurek asmatu, eta orduan, pentsatzen dutena esan egiten dute, helduek ez bezala”.

Pantailen bidezko biolentzia digitala

Nahiz eta “kontrolerako eta biolentziarako bitarteko berriak eskaintzen dizkiguten”, pantaila digitalak ezin dira kalte guztien erruduntzat jo, Alemanen ustetan. 

Indarkeria mota berrien abanikoa izugarri zabaldu dela ere aipatu zuen, eta horietako zenbait izendatu zituen. Hala nola, “bikotearekin edo bikote ohiarekin biolentzia online; sexpreading-a; sextorsioa; umiliazio publikoak; Tinder biolentzia berriak; ciberbullying-a; generoa dela eta; happy slapping-a edo “matraileko zoriontsua”; identitatea ordeztea; grooming-a, nahi gabe; sharenting-a (adingabeen gehiegizko esposizioa Interneten); presio estetikoaren igoera...”.

Praktikaren eta erasoaren artean maiz nahasmena egoten dela adierazi zuen, eta kasu paradigmatiko gisa, sexting-aren eta sexpreading-aren gertatzen denaz sakondu zuen. “Lehena sexu-praktika bat da, hau da, bitarteko digitalen bidez beste pertsona bati argazkiak, bideoak edo sexu-izaerako testuak bidaltzea, bi aldeen adostasunarekin egiten delarik. Bigarrena, aldiz, bitarteko digitalen bidez argazkiak, bideoak edo sexu-izaerako testuak bidaltzea da, agertzen den pertsonaren baimenik gabe”.

Sexting-aren aldeko aldarria egin zuen Alemanek, “praktika urratzailea da; sexualitatearen kontzeptua zabaltzen du eta feminitatearen estereotipoa iraultzen. Sexpreading-a, ordea, biolentzia sexuala da, sexualitatearen gainean daukagun ikuspegi patriarkala hauspotzen du, zigor kolektiboa bultzatzen du, neska guztien sexualitatea zigortzen du “zigor eredugarriaren” bidez…”.

Indarkeria identifikatzeko programa

Patricia Temprano Conde nerabeen arteko indarkeria matxista jorratzen duen psikologo espezialista da. Bortxakeria matxistaren biktima gazteei arreta osoa emateko Foru Aldundiak iaz abian jarri zuen eta oraintxe kito egin duen unitatearen arduraduna izan da; hain zuzen, esperientzia pilotua izan den eginkizun horretan edukitako bizipena kontatu zien Basterora hurbildu ziren entzuleei.

13-17 eta 18-21 urteko neskekin lan egin dutela zehaztu zuen, “guztira 18 neskekin aritu gara; denbora berean, 16 familiei eta 25 bat profesionalei aholkularitza eskaini diegu”. 

Lanketa zertara bideratu duten gaineratu zuen: “Bikotekidearen eta bikotekide ohiaren abusuzko harremanetan eta baita horien arteko lotura afektibo-sexualean ere zentratu dugu lanketa. Gure eginkizuna, neska horiei orientabide siko-soziala eskaintzea izan da, kontzientzia har zezaten, beraiek jakitun izan zitezen bizi zuten egoerarekin, eta har zitzaten erabaki egokiak”.

Halako indarkeria jasaten duten neskek ez dutela profil jakin bat, ziurtatu zuen: “kultura, estatus, jatorri, klase sozial… desberdinetako neskak topatu ditugu. Uste dezakegunaren kontra, edonor bilaka daiteke biktima”.

Programan parte hartu duten neskek, gehienek indarkeria egoera bizi zutenaren kontzientziarik ez zeukaten prozesuaren hasieran, Tempranoren esanetan. “Bazekiten ondoeza eragiten zieten egoera bizi zutela, baina oso integratuta eta barneratuta zeuzkaten indarkeria egoerak. Neska horietako heren batek, prozesuan barrena, beren erasotzailearekin harremana mantendu zuten, eta are gehiago, oraindik mantentzen dute. Hitzez adierazi dute moztu nahi dutela harremana baina ez dakitela nola egin. Horrela, harreman ziklikoa daramate mutilekin: haserretzen dira, mozten dute harremana, faltan botatzen dira elkar, barkazioa dator, hitz egiten hasten dira, gustura sentitzen dira, liskarra pizten da, haserretzen dira, mozten dute… Horrela, hilabeteetan edo urtetan luza dezakete harremana”. 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!