[Postontzia]

Ama Kandidako etorkizuneko jabeak

Andoaingo bizilagun eta Ama Kandida etorbideko etorkizuneko jabeak 2022ko abe. 1a, 08:24

Hurrengo lerroetan, Andoaingo ehunka bizilagunok Ama Kandida etorbideko etxebizitza berriak direla eta bizi dugun egoera laburbiltzen saiatuko gara.

Proiektu hau berritzaile gisa iragarri zen udalerrian, bertako etorbide nagusietako bati irudi berritua emango ziona: dendak, etxebizitzak, pasealekua, etab. Ama Kandida etorbideak urteak darama abandonu egoeran.

Dena 2019ko udan hasi zen, proiektua argitaratu eta Urumea Berrik proiektua aurkeztu zuenean, lehen fasean aurreikusitako etxebizitzak salgai ipiniz. Eraikuntza, esan zigutenez, 2023an amaituko zen. Askok une hartan jada ordaindu genuen seinalea, baita etxebizitza-plana kontratatu ere. Hiru urte horiek, etxebizitzak entregatu arte, iraun ahal izateko kalkuluak egin genituen, alokairuaren kostua kalkulatuz, edo guraso edo aitaginarrebekin bizi behar zen denbora aurreikusiz.

2021. urtearen amaieran, lanak hasi gabe zeudela ikusita, hainbat eroslek bat egitea erabaki genuen, gure esperientzia partekatzeko, gertatzen ari zena ulertzen saiatzeko eta horren inguruko ekintzak burutu ahal izateko.

Kaltetuon, Urumea Berriko eta Andoaingo Udaleko ordezkarien arteko bilera bat burutu zen orduan, non arazoak planteatu ziren, eta konpromiso batzuk hartu ziren. Konpromiso esanguratsuenak, obra-baimena azkartzea eta lehen eraikinaren obra 2024ko udan amaitzea izan ziren. Hori lortzeko, Jose Luis Verdasco, hirigintzako zinegotziak, bitarteko guztiak jarriko zituela eta bigarren arkitekto baten kontratazioa berehalakoa izango zela ziurtatu zigun, atzerapenaren arrazoi nagusia, adierazi zuenez, arkitektoak jasaten duen lan-karga handia zelako.

Gaur, bilera hartatik urtebete baino gehiago igaro denean, ez dira beharrezko baliabideak ipini eta zalantza handiak ditugu eraikuntza 2025a baino lehen amaituko ote den.

Ez dakigu bigarren arkitekto bat ez kontratatzearen arrazoia zein den, eta ez dakigu zergatik ez zaion lehentasuna eman proiektu honi. Era berean, ezin dugu ulertu nola lehenetsi diren beste proiektu batzuk, haurrentzako ur-jolasena esaterako. Udazken betean egin zen, datorren uda arte estreinatuko ez den arren. Agian hauteskundeak uda aurretik direlako? Ez dakigu…

Izan ere, gaur egun, ehunka herritar hitzartutako etxerik gabe eta etxea izateko data zehatzik gabe jarraitzen dugu.

Testu hau lehen eraikineko etxebizitzen jabe izango garenok idatzi dugu, baina ezin dugu ahaztu atzerapen horiek pertsona gehiagorengan eragozpenak eragiten ari direla. Batez ere, nabarmendu behar dugu bizitoki zuten eraikina eraisteko haien etxetatik atera zituzten familien egoera.

Azken batean, ehunka kaltetu gara, testuaren hasieran adierazi dugun bezala, bakoitza bere egoerarekin. Kasu horietako batzuk aipatzearren, familia batzuk alokairuak ordaintzen ari dira, aurrekontuak doitzen, alokairuaren eskaintza, denok dakigun bezala, oso urria baita udalerrian. Familia batzuk gurasoekin edo aitaginarrebekin bizi dira epe mugagabean, etxebizitzak entregatzeko data behin eta berriz atzeratzen baita. Etxebizitza horietako bat premiagatik erosi duen familia baten kasua ere ezagutzen dugu; izan ere, beharrizan bereziak dituen senitarteko bat dute ardurapean, eta behar horiek garatu ahal izateko gela bereziak egokitu behar dituzte. Beste kasu batzuetan, berriz, etxebizitza-plan bat dugu kontratatua, eta horren epea amaitu egiten da. Beraz, diru asko gal dezakegu, etxebizitzak entregatzeko atzerapenak direla eta.

Laburbilduz, Andoaingo Udalari eskatzen diogu busti dadila, ekintzekin, data zehatzekin eta epeak behin betiko betetzeko konpromisoarekin; oso nekatuta baikaude epeak behin eta berriz luzatzeaz, eraginkortasun ezaz eta neurriz gaineko geldotasunaz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!