N1 ANDOAIN A15

Sorabilla Errotagain auzo elkarteak Batzar Nagusietan parte hartu du, Bide Azpiegitura batzordean

Jon Ander Ubeda 2022ko abe. 1a, 13:22
Laura Corchero, Ibon Tapia eta Xabier Laka.

N1 eta A15 arteko lotuneari irtenbidea emateko C2 egitasmoa aurkeztu zuen Foru Aldundiak, eta Sorabilla Errotagain auzo elkartea alegazioak aurkeztu dituen elkarteetako bat da. Gaurkoan, Bide Azpiegituretako batzordean parte hartu dute.

 

Andoainen eta Sorabillan defendatzen dituzten argudioak Gipuzkoako Batzar Nagusietara eraman dituzte, gaurkoan. Laura Corchero eta Xabier Laka izan dira bozeramaileak eta argiro utzi dituzte bi argudio. Batetik, C2 egungo egitasmoan Errotagain parean aurrikusten den biribilgune handiaren aurka daudela, erabat. Eta, bestetik, Andoainen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean aintzat hartzen den saihebidearen kontrako iritzi garbia dutela.

C2 egitasmoari alegazioak

Biribilgunea Erretoretxearen ondo-ondoan aurrikusten da eta horrek errepidea eta trafiko izugarria auzoaren gainera ekartzea litzateke. Irailean auzotarren artean defendatutako argudioak errepikatu dituzte: “Eraso espazial, akustiko eta kutsatzaile izugarria izango litzateke berez nahiko zigortuta dagoen ingurune humanizatu batentzat. Ikusten dugu gure auzoko lasaitasun eta osasun baldintzak okertu egingo liratekeela”.

2011n Aldundiari egindako proposamena aintzat hartzea eskatu dute. Egungo errepidearen alde banatan biribilguneak egitea, eta trafiko desbideraketa berriak industriguneetatlk bideratuz.

Andoaingo Saihesbidearen aurka

Andoainen C2 egitasmoaren aurka agertu diren ahotsen artean, indarrean dauden Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aintzat hartzea eskatzen ari dira Aita Larramendi ikastola edota C2ak Kaltetutakoen Plataformak. Sorabilla-Errotagain Auzo Elkartean beldur dira horrek Andoaingo Saihesbidearen ideia berreskuratzea ekarriko balu. Aukera horren aurka baitaude erabat: “Sorabilla Andoaingo paisaia-biriketako bat da. Horregatik saihesbide korridorearen aukeraren aurka gaude”.

Andoain birpentsatzearen aldeko hitzak izan ditu Lakak. Trafikoa murrizteko neurriak hartzea, garraio publikoa sustatzea eta zarata akusitkoa gutxitzea izan dira hizpide izan dituenetako elementu batzuk.

Sentsibilitatea

Xabier Lakak behin eta berriro aipatu duen hitza izan da: “Sorabilla ez da beste aldea. Andoain gara. Geroz eta bazterrago gaude eta dagoeneko N1arekin prezio handia ordaintzen ari gara. Periferia zaindu beharra dago. Hiri Antolamendurako Plan Orokorra Sorabilla anulatu egiten du. Sorabilla espazio bitala da, biriketako bat. Paisaia zaindu beharra dago eta horrexegeatik sentsibilitatez jokatzea eskatzen ari gara”.

Pedagogia versus Demagogia

Laura Corcherok hainbat minutuz, zeharka bada ere, kritika zorrotzak bideratu ditu hainbaten “demagogia”, “ikuspegi sinplea”, “batzuren deskalifikazioak” hizpide hartuta. Guzti hori adierazteko moduak hainbeste zaindu ditu, galde-erreguen atalean PSE-Eeko eledunak kritika horiek zeini zuzenduta zeuden galdetu diola. Hitz horien jasotzaileak ulertzeko modukoak izango ote ziren? Aurrerago Xabier Lakak adierazi du “irmoak gara gure planteamenduetan. Ez dugu erasotzen. Eta ez dugu gure ordezkaritza zalantzan jartzea nahi”.

Ordezkari politikoen galde-erreguak

Laka pedagogia egiten ahalegindu da. Ordezkarien galde-erreguetan badira bi errepikatu direnak. Ea C2ren alde zeuden galdetu diete, eta Espainiako Aurrekontuetatik eratorriko den 476.000 euroko partidaz ere galdetu diete.

Lakak ez du joko horetan sartu nahi izan, auzo elkarteko ordezkari gisa horrelakoei erantzutea euren konpetentziatik kanpo dagoela uste baitu: “Ez da ados edo kontra gauden. Ez dugu irtenbiderik, galderak baizik. Eta irtenbidea bilatzerako garaian, norabidea markatu aurretik arazoaren jakitun izan behar dugu denok. Alegazioen erantzunaren zain gaude. Irailean mozio bat onartu zen Andoaingo Udaletxean, baina hor geratu da. Ez da ezer konpontzen mozioarekin. Sinple eta geldo baino, mugimenduan eta bere zailtasunean ikusten dugu arazoa. Espainiako aurrekontuetatik iritsiko den partida hori ez da gure arazoa. Hori erakundeen arteko konpetentziak dira”.

Politikoen bigarren galde-erreguen txandaren ostean, Lakak mezua laburbiltzeko saiakera egin du: “C2arekin ados ote gauden galdetzen diguzue. Ados ote gaude? Gu bereziki N1 berrerabiltzearen alde gaude, saihesbidearen aurka eta C2ak planteatzen duen Erretoretxe pareko biribilgune handiaren aurka gaude. Sorabilla-Errotagain auzo elkarteak elkarrizketa sortzea nahi du, gure ahotsa entzun eta arazoei irtenbidea emateko. Manikeismoan ez gara eroriko, konplexuagoa da arazoa”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!