N1 ANDOAIN A15

EAJ-PNVk ez du begi onez ikusten Bazkardoko lotunearen alternatiba aztertzeko Espainiako aurrekontuetatik eratorriko den diru partida

Jon Ander Ubeda 2022ko abe. 2a, 08:00

“Gipuzkoako eskumenak zalantzan jartzea da”, adierazi zuen atzokoan EAJ-PNVko Eric Galvez batzarkideak Bide Azpiegitura batzordean.

Sorabilla Errotagain Auzo Elkarteak parte hartu zuen atzokoan, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bide Azpiegitura batzordean. Galde-erreguen atalean, EAJ-PNVko bozeramaileak diru-partida horren inguruko galdera luzatu zien sorabillatarrei. Hauek ez zuten galdera hori erantzun nahi izan. Galvez batzarkideak, bere aldetik, galdera egitearekin batera galderari buruzko posizioa zehaztu zuen.

Eric Galvez batzarkidea: “EH Bilduk Espainiako Kongresuan proiektu bat egiteko aurrekontu-partida bat negoziatu du. Zein iritzi duzue? Eta hori jakin gabe nori emango zaion diru hori, denok dakigunez eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena baita. Horregatik, gu ez gatoz bat Gipuzkoako eskumenak zalantzan jartzearekin, estatuari gure eskumenetan sar dadila eskatuz”.

Bigarren hitzartzean mezu bera txertatu nahi izan zuen EAJ-PNVko batzarkideak:
“Gipuzkoako Foru Aldundia ahalegin handia egiten ari da alde guztiei arreta eskaintzen, bere eskumenekoa den proiektu bat garatzeko. Ez da beharrezkoa edo ez litzateke behar: guri kezka handia sortzen digu kanpoko erakundeetara jotzeak. Estatura jotzea, gipuzkoarren eskumenen aurka joateko. Uste dugu Gipuzkoako Aldundiak gaitasun handia duela eta edozein proiektu gauzatzeko gai dela”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!