"Iraultza ahotik hasten da; ez da gauza bera jatea edo elikatzea"

Mikel Arberas 2022ko abe. 2a, 10:29
Axel Garcia Ekuadorren, bertakoiei baserri-lana erakusten. Axel Garcia

Axel Garcia agronomia-ingeniaria da eta ez da geldirik egotekoa. Ekuadorreko nekazaritza eta abeltzaintza sustatzeko proiektuan murgilduta egon da hiru hilabetez; asko du esateko.

Axel Garcia Audicanak Kordoban egin zituen ikasketak. Hasiera batean, mendi-ingeniaritza ikasten hasi zen, baina ingeniaritza agronomora egin zuen jauzi. Umetatik eduki du harreman estua basoarekin, mendiarekin eta baserriarekin, familia arabarra gaztagile ezagunak direla medio.

Beraz, osaba-izebek zerikusia eduki dute hartutako zenbait erabakitan...

Arabar lurraldearekin harreman estua eduki dut betidanik, familiagatik eta artzantza zein baso-lanak oso gustuko ditudalako. Hortaz, sarritan lagundu dut Gereñuko (Araba) baserrian, eta asko ikasi dut. Bada, iragan abenduan, lana utzi eta abuztua bitarte osoba-izebekin lanean aritu nintzen; froga moduko bat izan zen, mundu hori benetan gustuko nuen jakiteko. Esanak esan, baserri-lana oso gustuko dut, baina Gereñuko ereduarekin bat egiten ez nuela ohartu nintzen, pertsona bakarrarentzat lotura eta lan handiegia zelako. Baserrian langile gehiago behar dira, nahitaez. Ondoren, Arabatik Ekuadorrera egin nuen jauzi.

Beraz, Gereñutik itsasoaz bestalde jauzi egin zenuen, lanari jarraiki...

Baserrian lanean hasi nintzenean, Diputazioko Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendariak nire profila egokitzat jo zuen Ekuadorren proiektu bat koordinatzeko. Aukera interesgarria iruditu zitzaidan, izan ere, 22 urterekin Brasilgo Minas Gerais estatuko Universidad Federal de Visoça unibertsitatean lanean aritu nintzen, eta, bertan, fabelak ezagutu nituen, atzerriko bestelako nekazaritza modeloekin lotuta.  

Hasiera batean, haien helburua nekazal eskola bat sortzea zen; Los Rioseko (Ekuador) nekazariak formatzea izan zen lehen planteamendua. Proposamena Gipuzkoa Los Rios fundazioak egin zuen. Elkarte horren historia, 1948. urtean hasi zen, Pio XII Aita Santuak Gasteizko gotzainari eskaera bat egin zionean: "Mandatu bat egin behar dugu Ekuadorren. Ebangelizatzeaz gain, obra sozialak sustatu behar ditugu". Horrela hasi zen, Euskal Herriaren eta Ekuadorren arteko erlazioa.

Horiek horrela, hainbat urtetan, misioneroak bertako egoera soziala aldatzeari ekin zioten, baina, urteen poderioz, lanketa hori baztertzen joan da. Horrek boteredunen ustelkeriaren eta prebarikazioaren gorakada ekarri zuen, aberatsak aberastuz eta langile xumeen egoera okertuz. Galderara itzuliz, nire lana, neurri batean, egoera hori aldatzen saiatzea eta bertakoei baliabideak eskaintzea izan zen, proiektu baten bitartez.

Aditzera ematen duzu, bertakoak, sozialki egoera txarrean bizi direla eta horrelako makro-proiektuak egikaritzeko zailtasunak dituztela...

Bertaratu bezain laster, egin nuen lehenengo gauza bertako egoera sozio-politikoaz bustitzea izan zen, irakurriz eta herritarrekin hitz eginez. Ohartu nintzen, hamarkada gutxitan, herrialdeak agintari militar eta lehendakari ugari eduki dituela, bakoitza bere pentsaerarekin eta politikekin. Horrek, herrialdearen ez-egonkortzea ekarri zuen, herritarren kalterako. Esate baterako, egun, nekazal lurrak, gutxi batzuen eskuetan daude; Ekuadorreko lehen astean, 13.000 hektareako lursail batean egon nintzen 3.000 langileekin. Eta jabe bakarrarena zen. Lan oso zaila nuen aurretik. Herritarren egoera txarra izateaz gain, askok ez zekiten irakurtzen eta idazten. Hortaz, zer erakutsiko nien beren bizitza aldatzea ezinezkoa bazen? Planteamendua korporazio bat sortu eta gobernuarekin eta nekazari zein enpresekin komertzializazio-prozesua sustatzea izan zen. Horrez gain, dirua nola kudeatu erakutsi behar zaie, proiektuak aurrera egin dezan.

Aipatu duzu, iragan urteetan, eliza obra sozialetan murgilduta zegoela. Zer jazo da elizarekin?

Garaiko apaiz eta moja euskaldunek lan handia egiten zuten bertako egoera sozio-politikoan eragin eta herritarren bizi baldintza hobetzen saiatzeko. Kontua da, gaur egun, Ekuadorreko egitura politiko-ekonomikoan sartu dela Opus Dei, eliza katolikoaren adar ultra-kontserbadorea, zeinak, erlazio estua duen elitismoarekin. Horiek horrela, nekazariak maila baxukoak izanik, elizarekiko erlazio zuzen hori galdu dute, beren kalterako.

Nik planteamendu bat egin eta azalpenak eman nizkien, baina horrek guztiak funtzionatu dezan, ezinbestekoa da botere handiko enpresa batek proiektu hori mugimenduan jartzea.

Denbora luzez aritu gara Ekuadorreko proiektuaz eta bertako egoeraz hitz egiten, baina zein da Euskal Herriko baserritarren eta produktuen egoera?

Kaskarra. Baserritarrei produktuaren balio erreala ordainduko balitzaie, duintasunez bizi ahalko lukete. Baina, zoritxarrez, produktuak hainbat faktoreren menpe daude; adibidez, abeltzaintza intentsibo batean, kostu finkoak oso irregularrak dira, energiaren, uraren eta pentsuaren prezio aldaketaren araberakoak baitira.

Baserritar gisa bizi direnak geroz eta gutxiago dira. Azken finean, lan handia eskatzen du eta etekin ekonomikoa murritza da. Gainera, mundu mailako egoerak prezioetan eragin nabaria du. Beraz, efizientziaz eta efikaziaz hitz egin beharko genuke; ekoizpen kuantitatiboa baino, kualitatiboa beharko luke izan. Dena den, gauza bat argi esango dut, iraultza ahotik hasten da, ez da gauza bera jatea edo elikatzea.

Ekonomikoki aukera duenak bertako produktua kontsumitu beharko luke, baserritarrei babesa adierazi eta merezi duten garrantzia emateko; alderdi ekonomikoak ahalbidetzen duen bitartean.

Irakurleentzako galdera batekin amaitu nahiko nuke elkarrizketa: Zer egingo dugu baserritarrak eta bertako produktuak desagertzean? Nork kudeatuko ditu paisaiak, larreak eta mendiak?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!