Doinuak oinarri izanda, eta aurkezpentxo jakingarriez erantsita, ezin liteke irakaspen pedagogiko distiratsuagorik egin. Konposatzaileen senideekin egindako aitortza ere, giza-legetasunaren lezio edertzat jo beharko genuke.
Nolanahi ere, ermitatik pozez zoratzen ez, baizik eta tristezia puntu batekin irten ginen zenbaitzuk. Bi arrazoi nagusiki, horretarako. Ikuskizunak solemnitate handiagoa merezi izana, lehenbizikoa. Andoaingo historia, ondarea, musika, musikalariak maite dituen publiko musikazaleak ez baitzuen erantzun espero zitekeen adina; eserleku ugari ikusi ziren hutsik (kasik meza normal bat zirudien, eta barka diezadala Iñaki Zabaleta erretore jatorrak, konparaketa mingarri samarra hautatu badut…). Banda txaranga ere badelako, gutxiespena ote dago erantzun eskasaren atzean?
Tristeziarako bigarren arrazoia andoaindartasuna sustatzeko hainbesteko indarra daukan ekitaldi erraldoia, Udalak, berea balitz bezala besarkatu ez izanak eragindakoa da. Besarkatu diot, bitarteko publikoekin babestuz, zabalduz. Herritarrok denon artean ordaintzen dugun Basteroko auditorioa eskainiz, edota, kobertura publizitarioa emanez (esate baterako, soilik Bastero Kultugunean antolatzen diren ekitaldiak bildu eta gero milaka buzoietan banatzen duen argitalpenarekin).
Gora Kaletxiki Bandaren afera aipatu, eta udalaren aldetik jasaten duen tratuarekin, hots, diru irabazirako sortutako enpresa baten antzerako tratua izatearekin egiten dugu topo: ez denez hitzarmen bidez diruz lagundutako herri elkartea, ezin Basteroko instalakuntzak doan erabili.
Egiazki ordainduak dira, bai, Bandak egiten dituen zenbait aktuazio. Baina egia ere bada, horiek ez direla bertako partaideak aberastu daitezen, baizik eta hainbeste kidez osatutako musika taldearen instrumentuen mantenua eta gainerako gastuak ordaintzeko.
Hori guztia da Gora Kaletxiki Banda. Baina halaber, diru irabazi asmorik gabeko herriko kultur eragilea ere bada! Ia 20 urte darama bere ekarpen aberatsa eginez Andoaingo kulturari, bere musika ondareari, kale bizitzari, auzo-jaiei, kultur elkarteen dinamikei… Bere aktuaziorik gehien-gehienetan, andoaindartasunaren sentimendua zabaltzeaz gain euskara eta euskal kultura ardatz izanik!
Horrexegatik uste dut arrazoiak badaudela Gora Kaletxiki Bandarekin injustizia gertatzen ari dela adierazteko.