Gure hizkuntzaren baitan antolatutako festara herrikide ugari bertaratu zen. Txokolate beroa eta muffinak janda, gosea berdinduta, dantza emanaldi ikusgarria eskaini zuten Egapekoek eta Klaapekoek. Andoaindar askorentzat ezusteko atsegina izan zen urnietarrena. Urteak daramate euskal dantzak eta garaikidea uztartzen, eta atzokoan erakustaldi berria eskaini zuten. Txalo zaparrada jaso zuten, ikusleen aldetik. Harrera beroa egin zieten Klaapeko dantzariei ere. Bi taldetan banatuta, Euskaraldiaren hasieran Aiurrik ekoiztu zuen bideoan erakutsi zuten kemen eta indar berbera erakutsi zuten jendaurreko saioan. Giroa bero zegoen, eta zozketarekin are gehiago berotu zen. Etxera Euskaraldiko arroparekin edo pasta goxoekin itzuli zen bat baino gehiago.
20:00ak pasatxo ziren Lebi zezen-suzkoa atera zenean. Goikoplazan zehar haur eta gaztetxo askoren aurrean aritu ziren, emozioa eta zirrara eraginez. Ez behin bakarrik, birritan irten ziren! Saioa amaituta, eta trikitilariek inguruko tabernak girotu zituzten bitartean, Beietz! Musika taldeak soinu proba egin zuen karpapean. 21:00tarako familia asko etxera joan ziren Go!azenen kapitulu berria ikustera. Beietz! taldearen emanaldian jende gutxi egon ziren, baina egondako guztiak zuzeneko emanaldi bikainaren lekuko izan ziren.
Gaueko 22:15ak aldera amaitu zen ospakizuna. Euskaraldiko Batzordeko azken kideak ere etxerako bidea hartu zuten, ordu horretan. Arratsaldean hasita, Andoaingo Batzokiko kideak eta karpan zerbitzatzen eta antolaketa lanetan aritu ziren guztiak lan eta lan aritu zen. Etenik gabe. Guztiak ere Euskaraldiari amaiera ona eman asmoz. Lortu zelakoan gaude.