Saio ibiltaria goizeko 10:00etan Goikoplazatik irtengo da ibilaldia, eta herrigunean barrena egingo da. Beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, 943 67 02 49 telefonora deituta.
Andoaingo Udaleko Hirigintza eta Ingurumen sailak antolatu du, Artelatz Ingurumen Zerbitzuarekin elkarlanean.
Antolatzaileek ohar baten bidez azaldu dutenez “Guztiok dakigu non dagoen Andoain, baita Oria ibaia nondik igarotzen den ere. Denok gara gai haietaraino heltzeko; sarritan erabiltzen ditugun izenak dira. Alabaina, ba al dakigu zer esan nahi duten? Zer gauza: adiera ezagutu ez arren, zer jatorri duten ez jakin arren, beren eginkizuna zintzo asko betetzen dute hizkuntzaren osagaiak dira”.
Gogoratu dute leku izenak komunikatzeko eta espazioa antolatzeko tresna bat baino gehiago direla, “gizakien eta herrien muinean dagoen zerbait. Haiek osatzerakoan giza-talde bakoitzak bizi den ingurunearen berezitasun geografiko eta historikoetara hobeki moldatzen diren terminoak hartzen ditu lexiko arruntetik, bere izen multzo propioa sortuz. Alde horretatik, toponimiak gizakiaren bizimoduaren berri ematen du, hark hiztegiak (bere osotasunean) eskaintzen dizkion izendapen aukeretatik batzuk besterik ez dituelako baliatzen”.
Toponimian aditua den hizkuntzalaria
2020ko irailean Zalduak Andoni Urbistondori Aiurri-n eskaini zion elkarrizketan toponimiaz, onomastikaz, euskararen jatorriaz eta euskararen orainaz eta geroaz jardun zen.
Elkarrizketan azaldu zuenez, “izen berezi edo propioak aztertzen dituen hizkuntzalaritzaren adarra da. Andoni, Luis Mari, Urnieta, Urumea… horiek izen propioak dira”.
Toponimia, berriz, leku-izenak aztertzen dituen onomastikaren atala da. “Izen horiek guri iraganeko euskararen informazioa ematen digute, garai hartako hizkuntza nola zen jakin ahal izateko. Denbora asko irauten badute, aldatu egin direla esan nahi du eta hori da hizkuntzalariok aztertzen duguna, gure informazio iturria, nolabait esan”.
Zalduak gaineratu zuenez, Gipuzkoako toponimian latinetik datozen hainbat izen daude. “Urnietan Probintzi (Florentzia) edo Miraballes baserriak daude, erdal jatorriko toponimoak. Era berean,
erromatarren garaiako leku izenak badira Gipuzkoan: Gabiria, Cabilius izena zuen norbaiten jabetza zen. Lazkao Lascus izena zuen norbaitena. Zestoa Sextus izena zuen norbaitena. Lekaio hitza ere erromatar garaian jarritako izena dela esango nuke, Lacceius izeneko norbaiten jabetza, hain zuzen ere. Andoain Antonianusen jabetza izena da. Izen hori orain 1500 edo 2000 urte jarritakoa da”.
Zalduak hizkuntzalaritzari lotutako makina bat ikerlan eta argitalpen egin ditu, era eta mota desberdinetakoak. Horren adibide izan liteke 2020ko urriaren 15ean, Antonio Garmendia Urnietako azken zesteroari buruz Sarobe antzokian eskaini zuen hitzaldia. Hitzaldi osoa, bideoz ikus daiteke.
Euskara berantiarraren teoria gaitzta hartuta euskararen jatorriaren gainean modu pedagogikoan mintzatu izan da asko ez dela, eta ikus daiteke interneten.