N1 ANDOAIN A15

EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek atzera bota dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako mozioa

Jon Ander Ubeda 2022ko abe. 14a, 13:26

C2 egitasmoa hizpide izan dute gaurkoan, Batzar Nagusietan. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos alderdiek egitasmoa birpentsatzeko mozioa aurkeztu dute, bertan behera geratu dena. Aurrera atera dena EAJ-PNVk eta PSE-EEk adostu duten osoko zuzenketa izan da.

Mozioa ez da, beraz, aurrera atera. Gonzalez Elkarrekin Podemoseko ordezkariak Andoainen dagoen haserrea aipatu du eta Aldundiari hainbeste defendatzen duten “kogobernantza” Andoaingo Udalarekin praktikan jartzea eskatu die. Iraola EH Bilduko ordezkariak eskuzabaltasuna eskatu die Foru Aldundiko agintariei. Izan ere, bere ustean, “agerian geratu da Aldundiak aurkeztutako proiektuak ez duela antzeko proiektuak behar duen sukalde lanik eta adostasunik lortu”.

EAJ-PNV alderdia da argiro hitz egiten duena, C2aren alde. Hauxe adierazi du Arrizabalagak: “Foru Aldundia lantzen ari den proiektua ona –onena– eta egokia da errepidearen trafikoaren arazoak konpontzeko. Eta ona –onena–, baita andoaindarrentzat ere”. Garcia Chueca PSE-EEko ordezkariak alegazioen bidea defendatu du, C2aren aurka inolako adierazpenik egin gabe. Hauexek EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi zuzenean erantzun diena: “Ez dugu zuen proposamena babesten. Landu ditzagun tangibleak, errealitateak, konponbide posibleak lortzeko. Ez dago konponbide perfekturik”.

Luze eta zabal, bihar, astekariko edizioan.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!