N1 ANDOAIN A15

Andoaingo EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdien idatzi bateratua

Jon Ander Ubeda 2022ko abe. 15a, 13:51

Batzar Nagusietako eztabaidaren biharamunean, Andoainen ordezkaritza duten bi alderdiek adierazpen bateratua argitaratu dute.

ANDOAINGO EHBILDUREN ETA ELKARREKIN PODEMOSEN BALORAZIO BATERATUA,
GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIETAN ONARTUTAKO MOZIOARI BURUZ.

"Jakina zen irailaren 12an Andoaingo Udalak gehiengo zabal batekin Gipuzkoako Foru Aldundiari C-II proiektua geldiarazteko eskatzen zion mozioa onartu zuenetik, Aldundiak kontrakoa besterik ez zuela egin; exekuzio-proiektuaren idazketa esleitu zuen alegazioei erantzun ere egin gabe. Hau da, gelditu beharrean, tramitazioa azkartu zuten.Aldundiari, bost axola zaio Andoaingo Udalaren iritzia. Bere helburu bakarra Bazkardoko korapiloan, Foru aldundia beraren kudeaketa eskasaren ondorioz, sortzen diren trafiko arazoak konpontzea da. Azpiegitura horrek Andoainen sortzen dituen ondorioak bost axola zaizkio.

Izan ere, 2019an aurkeztutako lehen zirriborroak ez zuen zarataren aurkako neurri bakar bat ere aurreikusten, eta, andoaindar gizartearen mobilizazio handiari esker soilik, neurri aringarriak agindu behar izan dituzte, baina oraindik zehaztu gabe daude.

Atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, gai horiek eztabaidatu eta erabakitzeko eskumena duen organoan, C-II proiektua sustatzen duten alderdiek beren erabakia berretsi dute: ez dute proiektua geldituko, ez dute beste aukerarik aztertuko. Alegazio batzuk onartuko dira, besterik ez. Berdin dio Andoainek zer erabaki duen.

Horrek berretsi egiten du bagenekiena, hau da, alkatearen eta bere alderdiaren jarrera presioa astintzeko estrategia bat besterik ez zela. Andoainen aurka agertzen dira, baina erabakitzen den organoetan aldeko botoa ematen dute. EAJri buruz ez dago ezer askorik esateko,   esan zutena egin dute, ez besterik: C-II proiektua beste edozein iritziren gainetik aurrera eramatea, nahiz eta Andoaindar  gehiengoaren iritzia kontrakoa izan.

Hartu duten erabakia bezain mingarria izan dira eztabaidan erakutsitako forma harroak. Gure ordezkariek Andoaingo Udalarekin aldebiko esparru bat sortzeko eta eztabaidatzeko egin duten dei lasaiaren aurrean, harrotasunez eta mespretxuz erantzun diote andoaindarren borondateari.

Gure taldeetatik lanean jarraituko dugu herriko mahai bat sor dadin, non eragile sozial, politiko eta tekniko guztiak elkartuko diren andoaindarren bizi-kalitatea eta Andoaingo garapen iraunkorra lehentasun nagusi bezala izango dituen alternatiba bat lantzeko . Hori da eskaini dezakegun gauza bakarra, lana eta elkarrizketa. Izan ere, erabakiek gehiengo politikoa dute, eta gaur egun ezin dira gainditu".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!