Hainbat urteren ostean, azken txanpan murgilduta dago Bertso Txapelketa Nagusia. Luzea izan al da itxaronaldia?
Pandemiaren ondorioz, lau ordez, bost izan dira, izan ere, azkenekoa 2017an jokatu baitzen. Luze egin da bai, eta, bukatzear dagoen honetan, finalerako irrikitan gaude.
Adi-adi jarraitu duzu txapelketaren bidea.
Txapelketaren lehen saioak ezin izan nituen gertutik jarraitu, baina finalaurreko bi faseetako ia guztiak ikusi ditut bertatik-bertara edota telebistari itsatsita. Durango eta Amurrioko finalaurrekoetan izan naiz senideekin eta lagunekin eta finalera ere lagunak goaz, azken urteetan bezala.
Finalak ez ezik, aurreko sailkapen-faseek ere bertsozalearentzat xarma berezia dute.
Hala da, bai, bide ematen baitu horren ezagunak ez diren bertsolari gazteak ezagutzeko. Eta, finalarekin alderatuz, saioak formatu eta gune txikiagoetan izateak laguntzen du haietan, saio horiek berotasun eta goxotasun berezi batez bizitzeko.
Finalean egongo ez direnen artean, zein nabarmenduko zenuke?
Zalantzarik gabe, Oihana Iguaran. Donibane Garaziko finalaurrekoaren ondoren, mundu guztiak ikusten zuen finalista, baina Amurrioko hanka-sartzeak gehitxo zigortu zuen.
Zein bertsolari ari da egiten txapelketa honetan ibilbide oparoena?
Oro har, maila handiko txapelketa izaten ari dela iruditzen zait. Urteetan, plazaz plaza eta askotariko txapelketatan ari direnen goi-mailaz gain, gazteenen indarra eta prestakuntza azpimarratuko nituzke. Horien artean, txapelketaren ondorioz ezagutaraztera eman diren Aitor Bizkarra, EÒaut Martikorena edota Joanes Illarregi bera.
Ganbarako zein gaik inspiratu zaitu gehien?
Jarritako gaiak asko gustatu zaizkit, bide eta aukera desberdinak lantzeko aukera eman dutelako eta, zalantzarik gabe, Bilboko gaiak izan du arrakastarik handiena. Honako hauxe gaia: “Kanporatu egin zintuzten. Bizitza erabat aldatu zaizu”.
Umorea ardatz, zein bertsoaldi iruditu zaizu interesgarriena?
Durangon, Julio Sotok eta BeÒat Gaztelumendik puntutan egindakoa: “BeÒat eta Julio, hurrengo fasera pasatzeko dauden bi bertsolari zarete. Faseko azken saioa da gaurkoa, eta, publikoan zaudete, elkarren ondoan. Aurkezlea aktaren zain dago”.
Eta egon al da hunkitu zaituenik?
Ganbarako lanetan, batek baino gehiagok bai. Bertsolariek horren denbora gutxian horrelako istorioak sortzeko eta osatzeko duten ahalmena izugarria iruditzen zait; artista hutsak dira. Asko gustatu zait Durangon Aitor Bizkarrak egindakoa: “Lehen aldiz egin duzu negar haren aurrean; lasaitua hartu duzu”. Era berean Baionan Sustrai Colinak eta Nerea Ibarzabalek egindako ganbarakoa lanak ere oso ona izan ziren: “Bihar da egun handia; ez joatea erabaki duzu”.
Edizioz edizio, emakumeen parte-hartzeak gora egin du, baita protagonismoak ere.
Horrela da, bai, eta albiste pozgarria iruditzen zait, gainera. Aurtengoan, inoiz ez bezala, hiru emakumezko izango dira finalean. Laugarrena behar luke izan Oihana Iguaranek, egindako akats txikiarengatik izan ez balitz, lastima!
Maiz, ezbaian jarri izan da gai-jartzaileen lana. Nolakoa izaten ari da zure ustez beren jarduna?
Gai-jartzaile eta epaileen lana ez zait batere erraza iruditzen, batetik eta bestetik, beti izango dituztelako kritikak. Nahiz eta, agian, tarteka ez asmatu, jokoa eman duten gai asko izan direla uste dut.
Tarteka alanbre baten gainean aritu behar dira errimekin dantzan bertsolariak. Ikus-entzule gisa, urduri jartzen al zara horrelakoetan?
Bai, eta txapelketetan tentsioa sentitzen da ikuslegoaren baitan. Harrigarria da ikustea nolako isiltasun eta arreta maila jartzen diren.
Batek baino gehiagok latz sufritzen du, eta malko bat baino gehiago ere ikusi dugu.
Zer nahiago, txapelketa edo neurri zorrotzetatik urruntzen den bertso saioa?
Bi formatuak ditut gogoko. Txapelketaren emozio eta tentsiorik ez dute festa edota bertso-afarietako saioek, baina horietan, umorea izaten da ardatz eta lasai barre egiteko balio dute.
Bi bertsolari ailegatuko dira buruz burukora abenduaren 18an. Zein bi izatea gustatuko litzaizuke?
Horrelako kinielak egitea ez da erraza, baina duela bost urtekoa errepikatzea, ez harritu: txapela defendatuz Maialen Lujanbio eta, harekin borrokan, Aitor Mendiluze.
Hala… Finalisten artean nor ikusi nahiko zenuke abenduaren 18an txapela jantzita?
Asko gustatuko litzaidake Aitor Mendiluzek janztea, bere ibilbide iraunkor eta oparoari aitortza litzatekeelako, eta, hura ez bada, Amets Arzallus edo Nerea Ibarzabal bera.