Iruran bizi bada ere, ez du sorterria ahaztu. Eta andoaindarrek, bere aldetik, maite dute. Ikustea besterik ez dago asteotan haren bueltan sortzen ari den euforia modukoa. Ez da gutxiagorako. Bertsolari segurua da, akatsik egiten ez duena, eta final irekian txapela janzteko aukerak izan ditzake. Ez da ahaztu behar 2017ko edizioan txapeldun-orde izan zela.
Sorabillan bizi da Asun Gonzalez ama, eta bera Iruran bizi bada ere ohikoa da Andoainen ikustea.
Urte osoan haren bertsoaldiak Andoainen bertan entzuteko aukera ez da falta izaten. Hurria-Sahara elkartearekin batera, urtero-urtero kantuan aritzen da Basteroko bertso saio solidarioan. Eta San Juan jaietako saioan ez du inoiz hutsik egiten. Buruntzako San Roke egunez ere urte luzez abestu izan du, eta baita Santa Krutz PeÒak antolatu izan duen bertso-afarian ere.
Plazan kantari aritzeaz gain, bertso idatziak egin izan ditu. Eta Andoainen garrantzia handiko enkarguak egin dizkiote. Esaterako, Andoaingo ereserkiaren eta Joxe Mari Iturzaeta palistaren eta Sorabilla auzoaren omenez egindako kanten hitzak; Joxe Mari Oiartzabal musikariarekin elkarlanean, hirurak ere. Halaber, berak sortu du, 2023an, mendeurrena ospatuko duen Euskalduna taldearen ereserki berriaren letra.
Andoaingo ereserkian idatzi zuena gogoan hartuta, "Sorabillatik Leizotz auzora, Goiburutik Buruntzara, Goikoplazatik Bekora eta Bekoplazatik Goikoplazara" Aitorren bertsoaldiei adi-adi ibiliko dira igande honetan.
Puntuaketan bigarren, 2017an bezalaxe
Azken bi txapelketetan puntuazio handia lortu du Aitor Mendiluzek, bietan bigarren puntuaketa onena lortu baitu. Saioz saio andoaindarrak erakusten duen segurtasunaren eta mailaren ispilu da.
Aurreko edizioan, 2017koan, Amets Arzallus sailkatu zen zuzenean finalera. Txapelketan hartan, saio guztiak amaituta, Aitor Mendiluze Maialen Lujanbioren atzetik sailkatu zen, bigarren. IruÒean egin zen azken finalaurrekoan ziurtatu zuen finalerako txartela. Eta gauzak zer diren, BECeko final hartan, Lujanbio eta Mendiluze izan ziren azken txanpara iritsi ziren bi bertsolariak. Erregulartasunak izan zuen saria, beraz.
2022ko edizio honetan ere bigarren sailkatu da, Alaia Martinen atzetik eta Sustrai Colinaren aurretik.
Final guztiak bezalaxe, lehia bizia izango da eta azken txanpara nor iritsiko den asmatzea ez da batere erraza izango. Inguruotan galdetuz gero, Aitor Mendiluze sartzen dute azken txanpara sartzeko kiniela guztietan. Gaurkoz, segurtasun handia erakusten ari da. Hortxe-hortxe egon daiteke.