BTN finala 2022

Andoaindar askorentzat Josune Marzolen semeak dira Joanes eta Xabat Illarregi bertsolariak

Jon Ander Ubeda 2022ko abe. 17a, 07:00

Xabat eta Joanes Illarregi Marzol anaiek badute lotura Andoain herriarekin, Josune Marzolen semeak baitira. Bertsozaleentzat beharbada ez hainbeste, baina publiko zabalarentzat ezagun egin dira aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusian.

Xabatek irailaren 25ean abestu zuen Arrasateko kanporaketan, azken orduan Xabier Silveira ordezkatu behar izan zuelako. Anaiarekin batera abestu zuen, gainera. Kanporaketa hartan Joanes izan zen onena, eta bigarren sailkatu zen Saioa Alkaiza. Xabat laugarren sailkatu zen. Arrasaten hasi eta Nafarroa Arenaraino jarraitu du lehian,Joanesek. Ia hiru hilabeteko ibilbidea egin du, horrenbestez, aurtengo txapelketan. Arrasaten aritu eta gero, Elizondon eta Bilbon abestu zuen. Final handia zain du orain, Nafarroa Arenan igande honetan ospatuko dena.

Bertsolari Txapelketa Nagusian biak ala biak ezagun egin dira, ikuslego zabalarentzat. Bertsozaleentzat, aldiz, ez dira hain ezezagunak. 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean, esaterako, kantari aritu ziren bi anaiak. Joanes Illarregi Marzol (Leitza, 1999) eta Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001), maila harrigarria ematen aritu ziren bertsolari txapelketa hartan.

Leitzarrak badira ere, sustraiak Andoainen dituzte. Ama bertakoa baitute, Josune Marzol Ormazabal, hain zuzen. Amona, berriz, Maria Dolores Ormazabal zuten.

Joanes, Kaletxikiko jaietako saioan

Joanes Illarregi San Pedro egunean kantari aritu zen, Kaletxikiko jaietan. Berrozpeko kaperan aritu zen Ion Beloki, Jon Mendiluze, Jone Uria, Nerea Elustondo eta Amaia Agirre bertsolariekin batera. Gaztea izanik, eta Andoaingo sorburua izanik, ospakizun nagusiak gogoan izan zituen bertso saioaren agurrean:

"Atsaldeon Andoain,

gaur zeru soltea.

Ni hemen naiz

parranda galantak botea.

Lehenik Santakrutzean

nolako trotea,

Sanjuanetan zaila da

etxen egotea,

baina beti onena

da azken kolpea".

 

Xabat, Bertsolari Txapelketan

Xabat anaiak ere parte hartu du txapelketa nagusian. Ezustean izan zen, Xabier Silveiraren ordez aritu baitzen Arrasateko kanporaketan. Agurrean hauxe abestu zuen:

"Arriskurik gabe ez

omen da lorpenik,

ez eta tentsiorik

gabe sormenik.

Nahiz badakidan

hitza bakarrik zor det nik,

ai bertsoa,

lehenago esango bazenit,

ze ez nuen uste nik,

gaur hemen nintzenik.

Sorpresa behin behinik,

badatoz azkenik,

baina nork dio

gehiago ez datozenik".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!