Funtsean, batera egingo diren bi azpiegitura lan izango dira. Alde batetik, saneamendu kolektore nagusia eraikitzeko asmoa dute: Kolektoreak Ziako errekastora isurtzen dituzten hiri eta industria-isurketa guztiak bilduko ditu, Adunako araztegira bideratzeko. Bestalde, uholdeen aurre egiteko obrei esker, Ziako errekastoa norabidez aldatuko dute, urak Oria ibairaino isurtzeraino.
URA-Uraren Euskal Agentziak duela gutxi amaitu ditu bi proiektuak. Datozen egunetan, bi proiektu teknikoak jendaurrean jarriko dira. URAko talde teknikoa hurbilduko da Andoainera, planteamenduaren eta lan-egutegiaren berri ematera. Adierazi dutenez, “bertaratu ezin diren pertsonek zalantzak eta galderak zuzenean helarazi ahal izango dizkiete URA agentziari edo Andoaingo Udalari”.