Gabonen atarian zertan aldatzen da zuen lan modua? Enkarguak handitzen dira?
Gurean lanaldia egonkor samarra da, handitu ez dira egiten Eguberrietan nahiz eta tarteka opari baten bila bezeroren bat hurbildu. Handitu baino esango nuke, gainera, pixka bat txikitu egiten dela jendea beste gastu batzuri begira dagoelako. Beraz, ez du eragin berezirik guregan. Antzekoa da lan bolumena.
Nabaritzen duzue Gabonetan bestelako menuak lantzen direla etxeetan?
Dendan ez dugu hori nabaritzen, jendeak behintzat ez ditu bere menuak aipatzen.
Begetariano, begano… azken hamarkadan asko aldatu da joera aldaketa?
Bai. Begetarianoak lehen ere baziren eta orain ere badira. Beganoak askoz gehiago dira, orain. Lehen gutxi entzuten zen eta orain gazte jendea batez ere, neraberazoan bereziki hasten dira begano izan nahian. Nabaritzen da joera bat, bai.
Badago glutenik gabe elikatzea erabaki duten pertsonak. Zein iritzi duzu auzi horren inguruan?
Konplexua da gaia. Garbi dago gluten asko jateak hestea puzten duela, eta lehenik puztuta baldin badago inflamazio hori areagotu egingo da. Dena uztearen aldekoa naizen? Kasu bakoitza aztertu beharko litzateke. Intolerantziaren bat izanez gero, eta haize asko sortzen badigu glutenak, utzi egingo nuke. Baina moda kontuagatik ez. Teoria asko egongo dira baina denok ere glutena jateari utziko bagenio, gure gorputzak ziurrenik ez lituzke enzima batzuk sortuko. Orduan, erabakia hartu aurretik hori ere neurtu beharko litzateke.
Glutenari dagokionez, ez da berdina baguette industrial zuri baten glutena edo ogi on batena. Ez dut uste, adibidez, gosarian ama orearekin landutako ogi integral sano samar bat kaltegarria denik. Kopuruan ere ezberdin jaten da. Ogi on batek asetu egiten zaitu, eta bestelako ogi batek ez du asetzen. Norberak ikusi behar du, neuk nere kasuan guztiz ez dut glutena kentzen. Kontrola ematea da gakoa. Glutenak kalte egiten duela pentsa dezake norbaitek. Eta bai, glutena kentzean haize gutxiago sortzen da, baina askotan kaltea eragiten duena ez da glutena bakarrik. Glutena utzi eta gero txokolate pilaekin hestea handitzen bazaizu... eta kafearekin, antzeko. Konplexua da gaia.
Salkinen Gabonetako erosketa-bonua baliagarri izan zaizue, negozioaren ikuspegitik?
Bonuak jendeak gustura hartzen ditu, herriko dendatan gastatzeko. Dendarientzat baliagarria da? Bai, beti da baliagarria bezeroa gustura gerturatu dadin. Baina horrek ez du esan nahi bonuak bezero berriak erakarriko dituenik. Gure kasuan behintzat ez da horrela izaten ari. Betiko bezeroentzat gustukoa da, azkenean erdi prezioko abantaila eskaintzen zaiolako.
Lehendakari izendatu berri zaituzte Andoaingo Salkin elkartean. Gogoz heldu diozu? Zein da zuen erronka hurrengo urteetan?
Gogoz heldu ote dioten, ez dakit. Kar, kar. Txandaka hartu behar dugu ardura, eta orain niri dagokit. Gure erronka, gehienbat, tokiko merkatalgune txikitan erosteko kontzientzia sortzea da. Bertan gastatu behar dute erosleek, bertakoa sustatu behar delako. Bestela, herri bezala egingo da Andoain. Merkatariak eta ostalariak bizitza ematen dio herriari, horrekin ez dago inongo zalantzarik. Eutsi behar diogu horri, nire ustez. Merkatalgune eta industria munstro handi horien aurrean kontzientzia hartu behako genuke. Dirua non uzten den, horri buruzko hausnarketa egin beharko genuke tarteka. Eta, Salkinek, erronka handiena hor du: Tokikoan erosketa sustatzeko kontzientzia eragiten.