Gabonak | Andoain

"Arropa saltzeko negua beharrezko dugu"

Jon Ander Ubeda 2022ko abe. 26a, 07:29

Andoaingo Kale Nagusiko Asun arropa dendako arduraduna da Ana Diosdado.

Zer nolako mugimendua nabari duzue Gabonen aurrean? Aste onak izaten ari dira negozioaren ikuspegitik?

Bai, mugimendu handia egoten da aste hauetan. Baina aurreko urteekin alderatuta apalago doa salmenta, giro tristea antzematen da.

Zer da gehien saltzen dena Gabonen bueltan?

Barruko arropa eta pijamak saltzen ditugu, gehienbat. Baina Santomas eguna hor izanik, artzai-andre jantziak eta osagarriak saltzen ditugu.

Oparien kasuan erraztasunak jartzen dituzue aldaketak-itzulketak egiteko garaian?

Bai, ez dugu datarik jartzen eta oparia egin eta gero aldaketak egitea onartzen dugu.

Iraila-Urria ia uda modukoa izan da. Horrek eragin izan du zuen negozioan?

Bai. Arropari dagokionez, salmenta sustatzeko neguaren beharra dugulako. Egia da negu giroko eguraldia luze samarra izaten dela gurean. Udazken beroa izan da eta horrek arroparen salmentan eragin zuzena izan du.

Urtarrileko lehen egunetan ere lan bolumen handia izaten duzue? Eta ondoren?

Bai, zeren eta Errege Magoak direla eta beherapenak direla salerosketa handiak izaten dira. Otsaila eta martxoa, aldiz, oso hilabete apalak dira salmentari dagokionez.

Olentzero ala Errege Magoak, zer nahiago dute erosleek?

Normalean, Errege Magoak. Baina egia da jende gehienak bietan egiten dituela opariak.

Datorren urterako zein aurrikuspen egiten duzu?

Zail samar ikusten dut. Prezioen gorakada oso handia izaten ari delako. Lehen igoera bakarra izaten zen, urtean. 2022an lau igoera ezarri dizkigute hornitzaileek. Eta horri gehitu elikagaietan izaten ari den igoera handia. Guztiak ere oso estu gabiltza.

Zer esango zenioke bezeroari?

Herrian erosteko eskatuko nieke, baina ulertzen dut persona batzuren egoera zail samar dela. Ahal den heinean herrian erostea, eskertzekoa da. Denontzat da onuragarria.

 

 

Elkarrizketa hau eta gehiago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!