Gabonak | Andoain

"Urrutiko bezeroak hurbiltzen zaizkigu"

Aiurri 2022ko abe. 28a, 07:36

Iñaxi gozotegia zabalik dela mende erdia baino gehiago da. Txema Galparsoro gozogileari elkarrizketa.

Prest denboraldi berrirako? Zer saltzen da gehien?

Prest gaude, noski. Egun hauetan, gehienbat, turroia saltzen ari gara. Eta aurreraxeago errege-opila izango da. Beti bezala.

Tradizio handiko negozioa duzue Andoainen. Errege opilaren bila urte luzez zuengana jotzen duten bezeroak izango dituzue.

Halaxe da, urtero-urtero etortzen direnak eta batzuk urrutitik gainera. Belaunaldiz belaunaldi transmititu den joera da, kasu batzuetan. Garai bateko bezeroen seme-alabak etortzen ari zaizkigu orain.

Aurten hitzordu nagusiak asteburuan izanik kalterako izan daiteke?

Ez, gure aldetik ez da asko nabarituko. Antzeko egingo dugu lan, data horiek oso garrantzitsuak direlako. 

Erosleen joera aska aldatu da denborarekin? 

Aldaketa handirik ez da izan, alde horretatik. Hemen topatzen ez diren eta supermerkatu handietan aurki ditzaketen produktuen bila joan daiteke kontsumitzailea, akaso. Baina, bestelakoan ez dago gure eskaintzarekiko joera aldaketa handirik.

Bonoak baliagarri izaten ari dira zuen dendan?

Lagungarria da, zalantzarik gabe. Txukun xamar joan zen aurreko kanpaina. Aurten ez dirudi iazkoa errepikatuko dugunik. Beharbada goizegi delako, bonoez baliatzeko egunak badaude aurretik.

Oro har, zein da merkataritzaren egoera Andoainen?

Gaizki. Ezin da besterik esan. Eta ez dirudi hobera egingo duenik. Beste bi supermerkatu handi zabaldu dituzte. Komeriak izango ditugu. Belaunaldi bat jubilatzen ari da, eta denda bat baino gehiago itxiko da.

Zer esango zenieke bezeroei?

Eguberri onak igaro ditzatela.

 

 

Elkarrizketa hau eta gehiago irakurgai Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!