Alabaina, aurrez adierazi legez, ez da lehen aldia, zure aurpegia jada 6 bider ikusi izan baitugu Euskal Herriko Txapelketako finalisten artean, puntaren puntan, Donostian, Barakaldon eta noski, IruÒean.
Ez, ez dugu aretoa apaindu eta hitz-molde jolastiren batekin zu animatuko zintuen pankartarik behin ere eskegi eta ziurrenik, ez zen gutariko inor izango, finaleko bertso eta bertso artean, publikotik zu animatzeko deiadar ausartik egin zuenik. Zer egingo diogu, ez da gure estiloa izango. Nolanahi ere, bada galdera bat, urtez urte eguna iritsi eta mihi artean duguna: Zer, aurten, Mendiluzek txapelik bai ala? Lau urtez behineko galdera errepikakorra dugu hau eta Andoaindik Iruñera bitarteko bi autobusetan, nahigabean aurten ere pasa ez dena.
Aurten, baina, berriro ere, eta, merezimendu osoz, Maialen Lujanbiok jantzi du txapela. Egiari zor, ba ote da epe motzean kenduko dionik? Auskalo, sendo ageri da hernaniarra denon zorionerako. Zu berriz, ez oso aparteko, buruz bururako puntu gutxira beste behin ere, batek esango lukeen bezala, “berriz ere goiko kotan”. Ahotsez mozorroturiko pertsonaia ezberdinen kantuak izan ziren beste behin ere zureak eta ezin uka, negar malkoari eustea, zaila izan ez zenik amari eskainitako zure azken agurrean.
Gaur egun, bada Andoainen bertso-eskolarik, ez garai batean, baina eta zuk esan bezala, eskerrak zure amak Hernaniko bertso-eskolara eraman zintuena. Mila esker, Asun. Zer bertsolari galduko genuken bestela? Ziurrenik zu zeu ere bazara, eremu soziolinguistiko erdaldun (edo erdi mailako) bateko gazte batentzat, bertso-eskolak, identitate euskaldun eta kritikoa garatzeko sortu ditzakeen abaguneen adibide eta erakusleiho.
Txapelketa, saio gutxi batzuetako momentu gogoangarri bat izan daiteke, nolanahi ere, bere habitat naturala, plaza eta herri ezberdinetako joan-etorrian eraikitzen duen zure moduko bertsolari batentzat. Guk, Punttuka bertso-eskolako kideok, ederki dakigu hori. San Joanetako saioa, Urria-Sahararen aldekoa, auzotako festetakoak eta abarrak, urteroko bertso-agenda finkoaren parte dira andoaindar askoren imajinario kolektiboan eta zu, beti izan zaitugu prest berauetan abesteko, baina, bereziki, laguntzeko. Zure umiltasun eta prestutasunak handi egiten zaitu, taula gaineko bekoki seriotik urrun, gertutasuna baituzu ezaugarri.