Haurren egoera emozionala antzemateko EMANTIK programa sinatu dute

Xabier Lasa 2022ko abe. 23a, 11:33

Maider Lainez alkateak eta Leitzaran, La Salle-Berrozpe eta Aita Larramendi ikastetxeetako ordezkariek EMANTIk programa gauzatzeko tableten lagapena sinatu zuten udaletxean, atzo. Haurren ondoeza goiz detektatzea du helburu programak, eta horretarako, tabletako aplikazio baten bidez haien egoera emozionala erregistratzen da. Lagapen ekitaldia, bideoz ikusgai:

Maddi Lakuntzak (Leitzaran Institutua), Edurne Muñagorrik eta David Urtasunek (La Salle-Berrozpe) eta Aitor Iriondok (Aita Larramendi ikastola) hartu zuten parte sinatze ekitaldian. Lagapenaren ondorioz, programa DBHko 2. mailako ikasleengana zabalduko dute. Orain arte LH3-H6ri, jantokiari eta DBHko 1. mailari eskaintzen zitzaien, eta horietan emaitza onak lortu dira ikastetxetako ordezkariek ziurtatu zutenez.

Ana Sanchez Gizarte Zerbitzuetako arduradunak aplikazioaren nondik norakoa azaldu zuen: “tableta baten bidez ikastetxeetako ikasleen egoera emozionala sistematikoki erregistratzen du. Kudeaketa emozionala ikasten laguntzea eta edozein haurrengan edo gazterengan sufrimendu kasuak goiz antzematea dira helburu nagusiak. Sistemak beldurra, tristura eta amorrua sor diezazkieketen egoerak identifikatzen ditu, irakasleek ahalik eta azkarren artatu ahal izan ditzaten. Garapenean zehar, haurren babesean adituak diren bi psikologok aholkuak ematen dizkiete ikastetxeetako irakasle-taldeei”.

EMANTIK programa eraginkorra izan da orain arte Sanchezek esanetan, “oso azkarra baita bakartze egoerak, estres larria, bullying edo tratu desegoki oro antzematen ahultasun bereziko kolektibo horretan, hots, haurren artean”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!