Amnistiaren aldeko elkarretaratzea egin zuten larunbat arratsaldean

Aiurri 2022ko abe. 26a, 10:49

Amnistiaren aldeko aldarrikapena egin dute Buruntzaldeako kontseilu Sozialistako hamarnaka kidek, “presoak etxera amnistia osoa” eta “borroka da bide bakarra” oihupean, besteak beste.

Honako ohar hau irakurri zuten elkarretaratzearen amaieran:

Krisialdi bete-betean aurkitzen da gizarte kapitalista. Bizi dugun testuinguru honetan, ohikoa da krisia adierazle ekonomikoen bitartez azaltzeko joera, baina, krisia ez da fenomeno ekonomiko soil bat; kontrara, esan dezakegu klase borrokaren momentu sutsuena dela. Garaiotan, langileon baldintza ekonomikoen okertze bat emateaz gain, gure eskubide politikoen, hau da, politika egiteko ditugun baldintzen, okertze bat ere ematen da. Horren erakusle dira, adibidez, protesta soziala ekonomikoki itotzeko asmoa duen Mozal legea, desordena publikoa 3-5 urteko kartzelaz zigortuko duen Zigor Kodearen erreforma berria, oharkabean pasa den Segurtasun Nazionalerako Legea edota langile kontrolpeko espazioak kolpatzen dituen okupazioaren aurkako legea-proposamena ere. Zer esanik ez azken urteotan pandemiaren aitzakiapean gure eskubide zibil eta politikoak murrizteko harturiko neurriak, teknologia berrien garapenarekin batera ematen ari den kontrol sozialerako dispositiboen areagotzeaz edota aurrekontu militar eta polizialen gorakada izugarriaz.

Eskubide politikoen aurkako erasoen bizkortze kezkagarri honek, ordea, ez du esan nahi eskubide urraketak ezer berriak direnik. Azken urteotan autoritarismoaren gorakada nabarmen bat ematen ari den arren, historikoki forma guztietako errepresioaz baliatu da klase jabeduna inolako eskrupulurik edo humanitaterik gabe euren boterea edozelako bitartekoen bidez mantentzeko. Proletalgoarentzat, errepresioaren erabilera eguneroko ogia da: presoen, atzerritarren edota jende “arriskutsuaren” -euren esanetan- kontra erabiltzen dena. Zer esanik ez estatu kapitalistaren agintea kolokan jarri duten mugimendu politikoen aurkako errepresioaz: adibide garbia dugu Euskal Herrian azken hamarkadetan.

Zentzu horretan, ez gaitezen nahasi. Errepresioa ez da desagertu Euskal Herrian. Azken hamarkadetan bizitako gatazkaren intentsitatea jaitsi izanak errepresioa bera ere moldatu du. Hala ere, batzuek saldu nahi diguten bake garaietatik haratago, eskualdean bertan preso politiko ugari izaten jarraitzen dugu, eta hori gutxi balitz, kasu errepresibo berriak iristen ari dira. Horren adibide dugu, zoritxarrez, aste honetan bertan Asier Ezeiza hernaniarrari eginiko 19 urteko kartzela-eskaera. Beraz, inork ez dezala zalantzarik izan: errepresio politikoak forma berriak hartu baditu ere egon badago, eta beharrezkoa zaien momentuan edozein mugimendu iraultzaileren aurka behar haina bitarteko erabiltzeko prest egongo da burgesia.

Errepresioari aurre egin nahi badiogu, berau denboran zehar aplikatu duen klase dominatzailearekin amaitu behar dugu, beren interesen arabera antolatutako jendarte ereduarekin amaitzearekin batera. Norabide horretan, errepresioaren aurka erabili behar dugun aldarria amnistiarena da: preso politikorik gabeko jendartearena.

Amnistia aldarrikatzea behar-beharrezkoa zaigu. Batetik, garaipen politikoa erdigunean jartzen duelako. Izan ere, amnistia erreal baterako ezinbesteko baldintza erregimen kapitalistarekin amaitzea da. Bestetik, eskubide politikoez hitz egiten dugunean, borrokarako ditugun baldintza materialez ez ezik, baldintza kulturalez ere ari garelako. Hau da, borrokarako zilegitasunaren ideia hedatzeaz ere hitz egiten ari gara. Proletalgoak esplotazio eta zapalkuntza ororen aurka egiteko duen zilegitasunaz. Beste hitz batzuetan esanda, iraultzarako zilegitasunaz ari gara. Zilegitasun horrek, besteak beste, militante iraultzaileen errekonozimendu eta onespena eskatzen dute. Hori ere barnebiltzen du amnistiaren aldarriak. Zentzu horretan, gure eginbeharra da aitortza hori bizitzako esparru guztietara eramatea. Eremu pribatuetara mugatzeko joeren aurrean, askatasunaren alde arituriko militante politikoei aitortza publikoa egitea dagokigu, hori ere eskubide politikoen alde egitea baita.

Hau guztiagatik, amnistiaren aldeko hautu garbian berresten gara, eta hori lortzeko, sozialismoaren eraikuntzan indarrak metatzeko deia luzatzen dugu.

Preso politikorik gabeko gizartea ortzimuga, batu prozesu sozialistara.

Eskubide politikoen defentsan, amnistia osoa!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!