26,9 milioiko aurrekontua onartu du Udalak 2023rako

Aiurri 2022ko abe. 26a, 13:52

Joan den ostegunean Udalbatzak 2023rako 26,9 milioiko aurrekontua onartu zuen, Udal gobernuko bi alderdien (PSE-EE eta EAJ-PNV) aldeko botoekin eta oposizioaren (EH Bildu eta Podemos) kontrako botoekin. Biharamunean, Udal gobernuko ordezkariek prentsaurrekoa egin zuten, aurrekontuaren nondik norakoa zehazteko.

 

Maider Lainez alkatea eta Mari Jose Izagirre alkate-ordea bat etorri ziren hiru ezaugarri azpimarratzeko orduan: “kalitatezko zerbitzu publikoak indartzen dituzten gizarte aurrekontuak dira, herritarren beharretara egokituak eta jasangarriak dira, eta 2022ko aurrekontuko 24,6 milioiak nabarmentzen hobetzen dituzte”.

Gaineratu zutenez, “izaera sozial nabarmena duten aurrekontuak dira, kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzera bideratuta daudenak, eta herritarrak eta haien ongizatea gure politika guztien erdigunean daude, inor atzean gera ez dadin”.

2023an tokiko eragileek antolatzen dituzten jarduerak bultzatzen segituko dutela adierazi zuten agerraldian, “Andoain oso udalerri aktiboa da, bertako elkarteen eta gizarte-sareen lanari esker. Hori de la-eta, elkarteek jasotzen dituzten laguntzak handitu egin ditugu. Eta inbertsio-apustu garrantzitsuak egiten jarraituko dugu, Andoaingo gizartea eta lehiakortasuna suspertzeko”.

 

Aurrekontua, arloz arlo

* Langileria saila:

9,7 milioi (aurrekontu osoaren 35%a). Berrikuntzen artean: Ataria herritarrentzako arreta-zerbitzua astean behin arratsaldez ireki (35.000€), udaleko ekipo eta sare informatikoa modernizatzen jarraitu, edota, liburutegia larunbat eta igande goizetan ireki (40.000€).

 

* Zerbitzu saila:

5,2 milioi (%19,4). Besteak beste, parkeak eta lorategiak mantendu (519.000€), landa-bideak eta seinaleak mantendu (107.000€), zebra bideak hobetu (15.000€).

 

* Hirigintza saila:

2,1 milioi (%8). Ambrosia Olabide eraikinaren kanpo azala eta fatxada eraberritzea (1,1 milioi) jo dute inbertsiorik garrantzitsuena udal gobernuko kideek. Bestalde, “azterlanak eta proiektuak” izenburuko partidatik, 75.000€ Algodonera ingurua hobetzeko proiektua idazteko bideratuko dira; 300.000€ liburutegi berria eraikitzeko azterlana abian jartzeko; 60.000€ eraginkortasuna energetikoa hobetuko duten etxebizitzetako obrak finantzatzeko; 60.000€ oinezkoentzako ibilbide irisgarriak sortzeko proiektua egiteko; 20.000€ Leitzaran ibian bainatzeko guneak egokitzeko; 60.000€ bizikleta-bideen Plan Berezia egiteko...

 

* Gizarte Zerbitzuen saila:

2,5 milioi (%9,5). Diru-sarrerak bermatzeko (AGIS) %7 handituko dira; 20.000€ eskola materialetan laguntzeko; 18.000€ eskolaz kanpoko ekintzetan laguntzeko; 25.000€ Andoain Haurren Hiri Lagun izendatzea ahalbidetuko duten ekintzei begira. Bestalde, Josefina Rubiok dohaintzan emandako diru-funtsa baliatuko da nahitaezko bakardadea saihesteko programak garatzeko.

 

* Hezkuntza eta Kultura saila:

1,9 milioi (%6,9). Besteak beste, 420.000€ kultur programaziorako (Basteroko eskaintzaz gain, Rock jaialdia, Kale Giroan edo Ikuszirkus); 340.000rekin handitu da Basteroko zerbitzu teknikoen kontraturako; 240.000€ herriko elkarteak diruz laguntzeko: 22.000€ Istuitza dorretxearen gaineko ondare eta arkitektura ikerketak egiteko…   

 

* Euskara saila:

0,5 milioi (%1,8). Besteak beste, 70.000€ Erabilera atalari bideratuta; Parketarrak zerbitzuaren jarraipena; ikastetxeetan euskara sustatzeko hitzarmenak; herriko kirol klubekin batera, kirol ingurunean euskararen erabilera aztertzeko prozesua martxan jartzea…

 

* Ekonomia,, Sustapen, Enplegu eta Gazteria saila:

2 miloi (%7,6). 124.000€ Salkin dendarien elkartearekin hitzarmena berritzeko; 100.000€ tokiko merkataritzan eta ostalaritzan kontsumoa sustatzeko bonu-kanpaina berriak sustatzeko; 312.774€ Belabiko ludoteka martxan jartzeko obrarako; 107.000€ Leitzaran bisitarien Etxearentzako; 70.000€ Otietako eremuan espazioa birnaturalizatzeko  eta antolatzeko; 60.000€ emakumeak birlaneratzeko proiekturako…     

 

* Berdintasun saila:

0,3 milioi (%1,1,). Besteak beste, sailak orain arte garatu dituen ekimenak lantzen segitzeko (emakumearen parte-hartzea, Jabekuntza Eskola, martxoaren 8a, azaroaren 25a…); 10.000€ emakume-elkarteentzako diru-laguntza; 10.000€ biktimei erreparazioa eskaini ahal izateko arreta hobetzeko...

 

* Jarduera Fisiko eta Kirol saila:

1,6 milioi (%6). 922.162€ begiraleen zerbitzua, sarbideak eta beste batzuk lehiaketara aterako dira; 77.000€ igerilekuko iragazkiak eta ponpak aldatzeko; 103.000€ kirol-klubei diruz laguntzeko; 50.000€ Euskalduna futbol taldearentzat, bere mendeurrenaren ospakizunetarako; 10.000€ Ondarreta ikastetxearentzat, eskola-kirola sustatzeko; 10.000€ Street workout aisialdi fisikorako gunea kokatzeko azterketako egiteko…

 

* Ogasun saila:

Miloi bat (%3,8).

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!