HEMEROTEKA | Hauxe 2009ko maiatzean MANUEL CORREASi egindako elkarrizketa:
Nondik nora ibili zinen Francoren garaian?
Manuel Correas. Ni PCEko militantea izan naiz beti. 1969an, Guadalajaratik Añarbeko urtegiko eraikuntzara etorri nintzen. Hernanin jarri nintzen bizitzen emaztearekin. Gero Orbegozo lantegiko langilea izan nintzen. Berkonbertsio garai latzean, CCOOeko kanporatuek eta EMK-OICko zenbaitek UTI sindikatua sortu genuen, eta sindikaturik sendoena izan ginen Orbegozon. Gero enpresak kaleratuen zerrendan sartu ninduen, sindikatuko buruzagietako bat nintzelako. Ordurako jada Andoainen bizi ginen.
Eta udalgintzarako pausoa?
M.C. Nikolas Perez IUk Andoainen lehenbiziko zinegotzia lortu zuen legealdian, 1995-1999koan, laugarren jarri ninduten zerrendan. 2003-2007koan, berriz, bigarren. Zinegotzia lortu genuen, baina Jose Maria Perez zerrendaburuak uko egin zion zinegotzi karguari segituan. Nik ezer jakin gabe, Amutxastegi etorri zitzaidan “Aizak, Manuel, zinegotzi izatea egokituko zaikela!”. EBko kideek batzarra egin genuen egoera aztertzeko, eta bi galdera egin zizkidaten: ea animatzen nintzen Udalean lana egitera eta ea etsairik ba ote nuen herrian. Horrela eman nuen pausoa.
Eta zer moduz moldatu zinen?
M.C. Ezagutzen ez duzun leku batera iristen zarenean bezala. Egokitu egin behar dagoenera. Dena dela, Andoaingo Udalak teknikari eta idazkari prestuak ditu eta asko lagundu zidaten; “Manuel, zure zerbitzuetara gaude”, esaten zidaten beti. Bestalde, herritar bezala herriko arazoak ezagutzen nituen noski, eta horrek ere izugarri erraztu zidan Udalean jarduteko.
Batzorde guztietara joaten zinen udal zinegotzi bakarra omen zinen…
M.C. Alderdiko zinegotzi bakarra izanik, jakina. Ez nuen hutsik egiten eta normaltasunez eraman nuen zeregina. Arazotxo bakarra Kulturan euskaraz hitz egiten zenean izaten nuen, baina itzultzailea jartzearekin konpondu zen dena. Itzultzailea oso jatorra da, gainera.
Zuk egindako proposamenetatik, poz handiena eman zizuna aipa zenezake?
M.C. Goikoplazan mugikortasuna erraztu zezakeen arrapala egitea proposatu nuen behin. Orduan oposizioko beste zinegotziek esan zidaten: “ez ezazula ideiarik eman, zu hor zauden bitartean ez baitute ezer egingo; joaten zaren egunean ekingo diote”. Horrela izan zen, bada; baina izugarri poztu nau.
Gertaera bereziren bat nabarmenduko zenuke legealdi hartatik?
M.C. Oso legealdi lasaia izan zen. Ikamika politikoak izan ziren, baina normalak alderdien artean. Zirrara eragin zidana Saharan egin genuen 15 eguneko egonaldia izan zen. Ikastetxe bat eraikitzeko laguntzarekin joan ginen, eta harrituta itzuli nintzen dituzten bizi baldintza kaskarrak ikusita.
Udaletik atera eta “Komunisten taberna”, zure betiko tokira itzuli zinen…
M.C. Taberna, berez, Leizaran Kultur elkartearen egoitza da. Bertan, kulturarekin eta politikarekin zerikusia duten ekitaldiak egiten dira, komunismoaren ikuspuntutik noski. Taberna, Fausti nire emazteak eramaten du eta nik lagundu egiten diot.
30 urtetan egoki aldatu dela Andoain iruditzen zaizu?
M.C. Izugarri aldatu da eta onerako: etxebizitzak, kaleen txukunketa, kiroldegia… gauza asko eraiki da. Ezagutu dut, esate baterako, Goikoplazan lokatza zegoen garaia, eta futbolean aritu naiz Olabide egoitza dagoen lurzoruan.