Azken agurrean amarekin esker oneko agertu zinen. Bertsozale ugari identifikatu dira bertso horrekin; batez ere Andoainen, Axun herriko abesbatzan kantari, auzo jaietan lanean… ezagutzen dugunok hunkitu gintuen bertsoak.
Bai, amaren figura denok eduki ohi baitugu hortxe! Txapelketa ugari bizitu ditut, eta horietan ama beti presente eduki arren, sekula ez dut espreski aipatu izan. Baneukan gogoa aitortza egiteko, zorrak kitatzeko, berak ere senti zezan gauzak ez direla kasualitatez etortzen; izan ere, gaztetan, berak hartu ninduen eskutik eta Hernaniko bertso eskolara eraman autobusean. Eta nola diren gauzak, igandean, oholtzatik gertu ikusi nuen Juanjo (Uria), bertso eskola hartako gure irakaslea. Aparte, gogoan ere eduki nituen seme-alabei euskara transmititzen dieten guraso erdaldunak, are gehiago Nafarroako errealitate linguistikoa kontuan hartuta.
Jarraitzailerik sutsuena izango duzu ama. Adi-adi segiko zuen finala…
Hizkuntza mailan elkarrizketen haria harrapatzeko gai da, eta dexente ulertzen ditu bertso-aldiak, non eta ez duten abstrakziora jotzen. Igande gauean deitu nion, eta zeharo emozionatuta zegoen, “jendea deika ari zait!” esanez. Lagunak, auzokideak, herriko jendea…, denek zoriondu nahi izan zuten Axun.
Zuk ere mezu eta zorion franko jasoko zenuen finalaz geroztik…
Egunean bertan mugikorra etxean utzi nuen, eta gauean itzuli nintzenean, hor non neuzkan pilatuta ehunka mezu! Kalean ere, ez dira gutxi poza ezpainetan dutela hurbildu zaizkidanak! Banan-banan, denei erantzun diet, baina sentsazioa daukat ez diedala behar bezala erantzun. Txapelketako laino horretan galduta nago oraindik, eta eskertzeaz eta musua edo besarkada emateaz aparte, zer gehiago egin dezaket?
Egia esan, polita izaten da jakitea jendeak zenbat bizi duen zuretik sortzen dena, barruraino ailegatu zaiola edo hunkitu egin duela. Zoragarria da hori! Izan ere, azken batean, bertsolariok gogoko duguna besterik ez baitugu egiten.
Zazpi txapelketa eta horietatik sei final. Badaukazu eskarmentua sobera pilatuta. Nafarroa Arenara sartu, eta jendetza zutik eta txaloka. Urduritasuna, harrotasuna, emozioa…. Zer sentitzen da?
“Ohituta egongo zarete” esaten digute, baina keba! Finalaren aurretik, datorkigun sentimendu uholdea ulertzen edo bisualizatzen saiatzen gara, baina bat ezin da ohitu horretara. Txapelketa bakoitzak bere momentua eta lekua dauzka, eta geu ere bizialdi diferentean gaude. Izugarria da goizean oholtzarako pasilu hori, intentsoa, zirraragarria.
Neurri batean, zaharroi tokatzen zaigu gazteei laguntzea, eta horretan aritu ginen, esanez “altxa burua, begiratu jendeari. Egin aurrera, eta joan pilak kargatzen! Hau dena zuena da, eta gozatu!”. Goiz saioa Nerearen (Ibaizabal) ondoan egokitu zitzaidan, eta Joanesekin arratsaldean. Animoak ematen eta lasaitasuna transmititzen saiatu nintzen biei.
Nola ikusi duzu Joanes txapelketan?
Oso ondo kokatuta ikusi nuen igandean; izugarrizko ibilbidea egiten ari da tarte laburrean. Egia esan, Joanes eta biok udaberrian zenbait saio elkarrekin eginak ditugu. Izan ere, magisteritzako ikasketak bukatuta La Sallen praktikak egiten ari zela, Hernaniko bertso eskolara hurbildu zitzaigun, txapelketa prestatu asmotan.
Beti azpimarratu duzu taldea eta elkarren arteko solasa, bertsogintzaren ariketarekin lotuta.
Bertsoak norberak egiten ditu, baina saioa taldean egiten da, eta elkarri babestu nahi izaten dugu. Ez da posible batek oso saio ona egitea, besteek ez badute ezer egiten. Eta gainera, ez litzateke oso sentsazioa gozagarria izango ez guretzat ezta publikoarentzat ere.
Arratseko saioan zortzikoteak gehiago gozatu izanaren pertzepzioa eduki genuen entzule askok…
Nik saio guztian jardun nuen eroso, kokatuta, niretik emanez. Egia da goizeko saioa hotzagoa izan ohi dela beti, eta bazkal-ondoren beste tenple batekin joaten dela, beharrezkoa den tentsioa handituz doalarik. Gauzak horrela direla jakinda, ni goizetik gustura aritu nintzen; antzeko aritu ziren besteak ere, jakin arren gutako inork ez zuela lan distiratsurik egin. Arratsaldean, berriz, berotzen joan ginen, azkenean dena lehertu zen arte. Asetasun emozional kolektiboa bizitu genuen, nik uste. Egindako lana ondorengo egunetan aztertzen hasi gaitezke, eta orduan, argi dago mila iruzkin egin ahal izango zaizkiola. “Hau eta hura esan banu, hemendik heldu izan banio, beste gai hura hartu izan banu…”. Baina hori guztia hobetzeko geratzen delako, segitzen dugu bertsogintzan. Bestelakoan, nahi genuen guztia esanda edukiko bagenu alegia, akabo! Bertso edo erantzun perfekturik ez baitago behin ere. Prentsaurrekoan esan nuen bezala, bertsotan gehiago egin nezakeen, baina hori ez da gehien axola didana orain. Garrantzia handiagoa zeukan niretzat -eta dauka-, ibilbide eta mugarri honetan aurkitu naizen garaian, nahi nuena eta nahi nuen bezala egitea, eta gainera, nahi nuen lekutik egitea. Emaitza, zirkunstantziala da neurri batean, eta hortaz, asetuta nagoela esango nuke.
Maialenek (Lujanbio) Berria-n asteartean elkarrizketa batean zioen poztu zela puntukako saioan (gaia: biak begirale, eta parkean umeak galduta) zurekin tokatu izanagatik. Artista omen zara lan horietan, garantia.
Bizitza daramagu elkarrekin kantatzen, jakitun gara besteak bideratuko duela elkarrizketa eta gaia, eta finean, ez garela zer esatekorik gabe geratuko. Bada, biok eroso jardun genuen; bakarrik tonuarekin eduki genuen kezka pixka bat, ze beti emakumea eta gizona tokatzen garenean tonuarekin asmatzen komeriak izaten ditugu. Azkenean, doinua aukeratzekoan hitz egin genuen, eta nahiko ondo enpastatu ginela uste dut.
Kexati agertu zen Lujanbion; zioenez, gai zaintsu eta lehorrak egokitu zitzaizkion, eta ez zuten “argumentu sakon edo potente baterako zirrikitu handirik ematen”.
Ezer esatekotan, nabarmenduko nuke bakarkako gaiak-eta irekiegiak iruditu zitzaizkidala, edozer egitea baimentzen zutenak. Eredu horrek tope egin duela, hausnarketa eskatzen duela uste dut. Bertsokera abstraktu baterako bidea eman dezakeelako. Gerta daiteke hiru bertso agian oso onak osatzea, baina ezer adierazten ez dutenak, eta horretarako arriskua egoten da. Zehatzagoak beharko genuke izan. Ez dut aldarrikatzen itxiak izan daitezen, baizik eta zehaztasun puntu bat eduki dezaten.
Berriki esana duzu: “Nik ez dut txapelaren bila joan nahi. Zergatik? txapelaren bila joateak nahi ez dituzun hautuak egitera eraman zaitzakeelako”.
Inoiz ez naiz joan txapelketaren bila. Hori bai, etorriko balitz, ongietorria! Askotan zera adierazi ohi dut bertso eskolan: “ni anbiziosoagoa naiz; ez dut txapela lortu nahi, bertsotan egin nahi dut nik”, eta barre egiten didate. Barrua hustu eta gozatzea da nire gogoa, ez txapela bila joatea. Gainera, ez naiz kalkulatzaile trebea; saiatuko banintz txapela lortzen, ez nuke postu onik lortuko.Bertsotara joan nahi dut, bururatzen zaidana eta esan nahi dudana kontatzera. Esan behar den hori aurrez neurtu beharko banu puntuaketa baten baitan, agian buka nezake niretzat hain interesgarria ez den bide bat hartuz.
Urte mordoa daramazu bertso munduan. Bertsokeran aldaketarik nabaritu al duzu pertsonalki?
Bertsolaritza ez da zerbait itxia, eboluzioa dago derrigor. Eta nire kasuan, garapen luzea dago; ezaugarriagoa da nire bertsokera egun. Badauka kolore edo tonalitate bat, eta publikoak topatzen dizkio zertzelada eta ezaugarri zehatz batzuk.
Txapelketara inoiz baino konstzienteago joan naiz jakinda zertan nabilen. Teknika ez dut uste bereziki garatu dudanik; gehiago ikasi dut teknika hori egin nahi dudan horren zerbitzura jartzeko orduan. Errimak, beharbada naturalagoak zaizkidanak erabiltzen ditut egun. Esango nuke, eboluziorik handiena arlo diskurtsiboan izan dudala. Oso jan-erraza den hizkuntza erabiltzen dut; ez daukat besteek daukaten maila poetikoa, askoz linealagoa da nire estiloa, baina linealtasun horretan saiatzen naiz kolore propioa ematen.
Etorkizunean, nola ikusten zara bertsogintzan, lehiaketetan…
47 urte izanik, txapelketarako zaharra naiz jada! Unai Agirre eta biok izan gara zaharrenak oraingoan. Txapelketa hasi aurretik ere galdetzen zidaten ea azkenekoa izango ote zen, baina nahiago dut ez pentsatu. Egin kontu, ezezkoan nengoen txapelketa hasteko atarian, urte asko direlako, esfortzu, sakrifizio edo tentsio izugarria eskatzen duelako... Entrenamenduak gustura egiten dira, baina aldi berean ardura pertsonalarekin lotutako galderak datozkizu: zertara zoaz, zer eskaintzera… Enfin, esaerak dioen bezala, bertsotan hil arte eta pixka gehiago ere ariko naiz.