Infantil, kadete eta jubenil mailetan zeuden jokoan XX. goiz eta arratsaldez ospatu zen Errege Eskubaloi Txapelketako sariak, eta etxean geratu ziren hirurak.
Ilunabarrean sariak banatu ostean, ikusmina galanta piztua zuen triangeluarrari ekin zioten, senior taldeak eta Leizaranen jokalari izandako kirolariek osatutako bi taldeekin.
Baina horretarako, lehenbizi, egitarauan iragarrita ez zegoen elkartasun keinua heldu zen Leizarango jokalari seniorren eskutik. “Eutsi gogor Aiora, zurekin gaude!” leloa zeraman pankartaren atzean jarri ziren jokalariak, eta oraindik orain lesio larria jasan duen eta hilabete batzuetan berrosatzeko prozesuari heldu beharko dion Aiora Alkorta taldekidea kantxara jaitsi arazi zuten.
"Zuengatik gara"
Segidan, distiraz beteriko bigarren kantxaratzea heldu zen, jokalari ohiak bilakatu zirelarik protagonista, oraingo honetan. Banan banan jokalekura irteten hasi ziren, eta esker oneko pasilua egin zieten egungo jokalariek, zaletuen txalo zaparradek lagunduta. ”Zuengatik gara” mezua nagusitu zen une hunkigarri hartan.
Jokalari ohiek (jokatzekoak zirenek zein harmailetan zirenek), familia-argazkia atera zuten. Eta segidan, hiru taldeen arteko lehiaketa hasi zen.
Senior taldea gailendu zen torneo triangularrean, zegozkion hiru partida jokatu ostean. Nolanahi ere, gutxienekoa izan zen emaitza hori, izan ere Allurraldeko harmailak gainezka jarri zituzten zaletuek ederki gozatu baitzuten hiru taldeek eskaini zuten kirol ikuskizunarekin. Etengabe txalotuz eta animatuz eskertu zieten hiru taldeei, egindako ahalegina.
Gauean, Oianume jatetxean prestatutako afariak ia 70 jokalari ohi bildu zituen. Leizaran klubaren elastikoa garai desberdinetan jantzi zuten kirolariek elkarrekin aparteko ospakizunaz eta aldarte polit batez gozatzen segitzeko aukera polita eduki zuten era horretan.
Jokalari ohiak jokatzeko irrikaz
Eva Gutierrez Leizarango presidentea pozik azaldu zen egun osoko kirol lehiaketaren amaieran. Alde batetik, primeran irten zelako XX. Errege Txapelketa. Horrexegatik, luzea izan zen aurkeztu zuen eskertza-zerrenda. Eskerrak eman nahi izan zizkien goizez zein arratsaldez Arrate eta Allurraldera gerturatu ziren zaletuei, Andoaingo Udalari, Txapelketara gonbidatu gisa etorri ziren taldeei (Urdaibai, Manteiga, Saieko, Malkaitz eta Tolosa), antolakuntzan modu batera edo bestera laguntzen aritu ziren herritar guztiei, kanpotik heldutako jokalariei bazkaltzen emateko laguntzaile izan dituzten elkarteei (Ontza, Batzokia, Irunberri, Zumeatarra eta Peña Santa Kruz), eta baita ere, emakumezkoen taldeen babesle diren dendari zein merkataritza-enpresa laguntzaileei (Bitoria arrandegia, Lanbroa eta 97 tabernak, La Salle Berrozpe ikastetxea, Javier Zeramikak, Arruti gozotegia, Oreka, Kaiku esnea eta Noa Cargo garraioak.
Gutierrezek ba zituen arrazoi gehiago pozik egoteko, ikusita zeinen bikain ospatu zen txapelketari urrezko bukaera eman zion egungo eta iraganeko jokalarien triangeluarra.
Adierazi zuenez, Errege Txapelketaren antolaketari ekin ziotenean, jokalari ohiekin talde bat sortu eta egungo senior taldearen kontrako partidu bat antolatzeko proposamena jaso zuten. “Ideia polita iruditu zitzaigun, eta horrela, egin genuen deialdiak egundoko arrakasta eduki zuen; ez genuen espero inondik ere halakorik. Talde bat ez, baizik eta bi osatu behar izan baitira. Ikustekoa izan da zenbateko ilusioarekin etorri diren Allurraldera, egin diren lau entrenamenduetan. Berriro kantxaratzeko deseatzen azaldu dira beti!”.
Erreferentzia nagusia Andoingo emakume kirolarientzat
Leizaran eskubaloi kluba 1979an sortu zen, gizonezkoen senior mailan; hurrengo denboraldian, 1980-1981ean, emakumezkoen senior taldea osatu zuten. Geroztik, denboraldiz denboraldi, gehitzen joan dira emakumezkoen taldeak Leizaranen, infantil, kadete, jubenil eta senior mailetan.
Era horretan, eta hamarkadaz hamarkada, Leizaran kluba Andoaingo emakumeentzat erreferentzia nagusia izan da talde-kirola praktikatzeko orduan.