“Arbaiungo uzta Ilargia, Andromeda, Jupiter eta Saturno. Matsukov127 teleskopioa eta FujiXT2 bat erabilita”. Mezu horri itsatsita argazki-sorta zabaldu zuen Ekain Zubizarretak, Instagram bidez. Eta lagunen eta ingurukoen txaloak jaso zituen, berehala. Astronomiarekiko zaletasunak bultzatuta, inguratzen gaituenaz ikasten dihardu urte hauetan. Ikasten eta gozatzen. Eta, sareei esker, gozamen hori besteekin partekatzen.
Gabonetan Instagram bidez izarren eta planeten argazki-sorta zabaldu zenuen. Ikusgarriak dira.
Argazkilaritza eta astronomia, nire bi zaletasun elkartu ziren argazki-sorta horretan. Txikitan banuen teleskopioa, kasu handirik ez nion egiten baina beti izan dut har hori sartuta. Argazkilaritza ere oso gogoko dut. Prismatiko batzuk oparitu zizkidaten Gabon batzuetan eta hortik hasi nintzen astronomia kontuetan zaletzen. Liburu bat erosi nuen, gure gainean ditugun elementuei buruz ikasten joateko. Gerora teleskopioa eskuratu nuen, eta ahal dudanean etxetik edo inguruko zelairen batetik izarrei begira egoten naiz.
Hiritik alde egitea komeni, ezta?
Hori da. Iluntasuna behar -beharrezkoa da eta altuera oso lagungarria da. Teleskopioaren eta ikusten ari zarenaren artean ahalik eta atmosfera txikiena egonez gero, askoz hobe. Gipuzkoa ez da batere leku ona obserbaziorako. Baldintza txarrak direnean, handipen gutxiago sartu zenezake, eta gau on batean, bereizmen handiagoa erabili daiteke. Etxetik askotan saiatzen naiz, beti ere ez dudalako kanpora joateko aukerarik izaten. Ilargia eta planeta batzuk oso ondo ikusteko aukera dago, etxetik.
Ilargiaz harago ikusi nahi bada, toki ilun batera joan beharra dago.
Argazki-kamara itsatsi zenuen teleskopiora.
Hori da. Teleskopioaren atzealdean argazki-kamara itsatsi eta objetibo bilakatzen da.
Eta, zure gainean, izarrak, planetak ikustean, zer sentitzen duzu?
Erlatibizateko oso baliagarria zait niri. Distantzien gainean hausnartzeko baliagarria da, eta guk gure begiekin ikusten duguna hasiera bestetik ez da. Eguzki sistemaren tamaina kontuan hartuta, ilargia eta gure arteko distantzia ia zero da. Egunerokotasunetik aldentzeko oso egokia da, eta Saturno bere eraztuna eta guzti ikustea oso polita da. Argazkian txiki atera nuen, kamerarekin ezin dudalako handipenik (aumentorik) erabili. Baina begiekin bikain ikusi nuen. Gabonetan gau bat igarotzera joan nintzen Arbaiunera, bizikleta eta teleskopioa nirekin eramanda. Tokia aurretik ezagutzen nuen, Arbaiuneko arroilaren gainean dagoen Iso begiralekuaren alde horretan.
Ez ohiko gau bakan horietakoa izan al zen?
Udan, Ilargia, Jupiter eta Saturno maiz ikusi ditugu. Inguruotan, hobekin ikusten dira. Arbaiungo gau hartan bakarrik nengoen, teleskopioa lagun nuela. Kotxean arroila ikustera hurbiltzen zen jendea eta askok interes berezia erakutsi zuten. Eta neronek oso gustukoa dut astronomia kontuak jendearekin partekatzea. Aurretik, astronomia kontuetara hurbildu ez denarentzat zirraragarria izaten da.
Inbertsio handirik egin gabe, beraz, astronomian murgildu gaitezke.
Gomendioa prismatiko arruntekin abiatzea da. 50 euroko prismatikoekin gauza asko ikus daitezke, eta zerua ulertzen hasi. Ikasten hasteko baliagarria da. Inbertsio handirik egin gabe teleskopio arrunta erostea eskuragarria da.
Lerro hauek irakurrita, zu zeu zure jakintza partekatzeko prest al zaude?
Poz-pozik egingo nuke. Jendearen erreakzioa ikustea gozamen hutsa da.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.