Egañaren eta Lizasoren doinuek zein errimek lagunduta irekiko du denboraldia Gaztañaga sagardotegiak. Axier Gaztañaga da, gurasoekin batera, eskualdeko sagardotegi ezagunaren gidari.
Irikitzear daude sagardotegietako ateak. Azken zereginetan murgilduta egongo zara…
Txukunketa lanak amaitzear ditugu; upeltegia garbitzen ari gara. Izan ere, datorren asteko asteazkenean irekiko dugu sagardotegia, urtarrilaren 18an, hain justu ere. Urtero lez, bertsolariak izango ditugu lehen egunean, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso.
Listoia altu utzi zuen iragan urteak: Euskal Sagardoa Jatorrizko Izendapenaren barruan 3,5 milioi litro ekoitzi ziren. Aurten, ekoizpen txikiagoa dator…
Sartuta gaude gu ere Euskal Sagardoan. Aurreko denboraldian, uzta emankorra izan zen; alabaina, aurtengoa lehorretik joan denez, sagar gutxi izan dugu. Ordea, aurtengoak graduazio maila altuagoa dakar.
Zein sagar motarekin egin duzue lan?
Askotariko motak erabiltzen ditugu, baina Errezil sagarra izan ohi dugu gehien. Era berean, Moko, Txalaka, Urtebi txiki, Urtebi handi, Patzolua... Nahastu egiten ditugu, eta, oro har, ondo ezkontzen dira, nahiz eta urtetik urtera aldatu egiten den.
Dastatu al duzu zuk jada?
Egunero ematen diogu tragoa, nola ontzen den ikusteko, eta itxura polita dauka aurtengo sagardoak. Urte zaila izan da, sagarrari dagokionez: ez zen nahi genuenean iristen, lehorra izan zen urtea... Baina, azkenean, moldatu gara, eta huraz gozatzeko moduan gara.
Bi urteren ondoren, berriro ere, aspaldi ez bezalako argazkiarekin hasiko da denboraldia: zutik edateko aukera izango da, kupelen bueltan, hasiera hasieratik. 2020an itxi egin behar izan genuen, eta, 2021. urtean, neurriek baldintzatuta egin genuen lan. Kupelera altxatzea gustatzen zaigu euskaldunoi, eta nik uste dut, aurten, xarma hori berreskuratu ahal izango dugula.
Bada azken boladan gailendu den beste titularrik: larri jarraitzen du egoerak lehen sektorearentzat, baita zuentzat ere: % 25eko igoera izango du, bataz beste, sagardo-botilak 2023an.
Gora egin du, beste gauzak guztiak bezalaxe: beira, garraioa, argindarra... Hala, igotzeko beharrean ikusi dugu geure burua, ez da kapritxoz hartutako erabakia. Bestela, alperrik ari gara lanean. Zaila da guztiontzat, baina, espero gugu, pixkanaka-pixkanaka, egoerari aurre egin ahal izatea.
Murgildu zara, jada, familiako negozioan. Ba al da sagardotegien ardura hartuko duen sagardogile gazterik?
Zaila da segida ematea familian jarraipenik ez baldin badaukazu. Ilusio handiarekin nago ni, betidanik gustatu izan zaidalako sagardo mundua. Hontan murgiltzeko hautua egin nuen, eta oso gustora nabil, egunero ikasten dudalako zerbait.
Sagardozaleen artean, asteburuek omen dute indar gehien…
Lehen, gaueko hitzorduak nagusitzen ziren. Pandemiaren ondoren, jendeak eguerdia nahiago izaten du. Guk bi otorduetan irekitzen dugu, eta ikusi dugu astegunetan, adibidez, aukeran, jendeak bazkalordua lehenesten duela. Bestalde, asteburuan, lepo izaten dugu.
Agenda estutzen hasia al daukazue, beraz?
Telefonoa deika eta deika daukagu, batez ere, asteburuei begira. Ea urte polita egiten dugun eta guztion artean gozatzeko aukera daukagun.