Eskualdeko erreferentziazko sagardoetxe bilakatu da, Leizotzen dagoen Mizpiradi. Aurtengoan baikor agertu da, bizpahiru urteren ostean, normaltasuna itzuli delako
Txotx denboraldiaren atarian, azken prestaketa lanak egiten ari al zara?
Asko dira azken momentuan egin beharreko lanak, baina, egun, txukuntze lanetan ari gara. Horrez gain, ezin alde batera utzi lehengaien eskaerak; kantitatea eta kalitatea ondo erabakitzea ezinbestekoa da. Laburbilduz, xehetasunak lantzen ari gara, irekiera behar bezala egiteko.
Noiz izango da Mizpiradi sagardotegiaren irekiera?
Jada, hainbat sagardotegik ireki duten arren, Mizpiradik urtarrilaren 19an irekiko ditu ateak. Egia da, egun hauetan zenbait dei jaso ditugula erreserba egiteko, irekita zegoela uste zutelakoan.
Beraz, deiak jasotzen ari zara...
Bai hori da. Esan bezala, bada aste honetan sagardotegira etorri nahi zuenik, baina Donostia Egunaren bezperan irekiko dugu. Bestalde, erreserbak edukitzen ari gara, beraz, pozik gaude ama eta biok.
Inauteri eguna urruti samar dagoela dirudien arren, deitu al dizuete lekua gordetzeko?
Normalean egun horietan sagardotegia goraino betetzen dugu. Ideia bat egiteko, 2022ko amaieran, dei batzuk jaso nituen Inauterietan sagardotegia erreserbatzeko; egunotan deitzeko eskatu nien...
Iragan urtean sagardo asko ekoiztu zenuten, eta kalitate handikoa.
Aurtengo ekoizpena murritzagoa izan da, batez ere, lehorteak eraginda. Dakizuen bezala, europa guztian bero denboralea jasan dugu, eta horrek eragin nabaria du sagarrondoan; hots, euskal sagarrez gain, beste herrialdeetako landaketetan eragin handia eduki du. Gainera, euri gutxiago egin duenez, sagarraren bolumena ere txikiagoa izan da.
Kantitateaz asko hitz egiten da, eta kalitatea?
Aipatu bezala, sagarrak txikiagoak irten dira euri gutxiago egin duelako, baina azukre kantitatea askoz ere handiagoa dute. Ondorioz, alkohol gehiagoko produktua ekoitzi dugu. Nik uste sagardo goxoa egin dugula, baina epaitzeko dastatzera etorri beharko dute sagardozaleek, upel batetik bestera asko aldatzen delako.
Sagardoaz gain, ba al duzue produkturen bat alkohola edaten ez dutenentzat ala haurrentzat?
Sagar muztioa ere ekoizten dugu. Sagarrari zukua atera eta 80 gradutan, gutxi gorabehera, egosten dugu bakterioak hiltzeko eta ez fermentatzeko. Sagar zukuaren zaporea edukiko luke, baina sagar errearen ahogozo bereizgarriarekin.
Denboraldi berriaren aurreikuspena zein da?
Oso ona. Iragan urtean, oraindik, Covid-19ak eragin handia zuen eta, beraz, oso berandu ireki genituen sagardotegiak. Aurtengoan, berriz, data egokietan irekiko dugu, eta, gainera, altxata txotx egiteko aukera egongo da, ohi bezala.
Ez da oharkabean pasa sagardotegien prezioen igoera...
Sagarraren prezioa, urte luzez, izoztua egon da. Horrez gain, oinarrizko lehengaiak oso garesti daude, baita argiaren eta gasaren prezioak ere. Igoera hori egitea behartuak sentitu gara. Lanbideaz bizitzeko prezio duinak edukitzea ezinbestekoa da.
Sagardotegia betetzea espero dugu amak eta biok, batez ere, asteburuetan. Aste barruko joera apur bat aldatu eta jende gutxiago gerturatzen den arren, garaira moldatu beharra dago. Erreserbetarako deiak jasotzen ari gara, beraz, esan bezala aurreikuspena baikorra da.