Bertsoderbian Euskaldunak eta Aitor Mendiluzek protagonismo berezia hartu dute

Aiurri 2023ko urt. 14a, 19:08

Andoaindar kutsua hartu du saioak erabat, nahiz eta Bertsoderbia izan. Izan ere, 100. urteurrena ospatzen ari den Euskalduna taldeak kasik Realak eta Athleticak bezainbat protagonismoa hartu du, Egañaren gaiek maiz Euskalduna eta Etxeberrieta hizpide izan dituzte, eta azken aldera, Aitor Mendiluzeri omenaldi txikia eskaini zaio. Mendiluzek berak Axun Gonzalez amari eskertza aurrez aurre agertzeko baliatu du ekitaldia. Bertsoaldiko argazki-bilduma eta hiru une bideoz, ikusgai:   

Saioaren amaiera aldera, Punttuka bertso eskolako Noa Prado eta Aritz Eskudero oholtzara igo, eta bi bertso kantatu dituzte Aitor Mendiluze aipatuz. Ondoren, oroigarria eman diote.

Segidan, Egañak eskatuta, Aitor Mendiluzek Euskal Herriko Bertsolarien finalean Axun Gonzalez amari eskaini zion bertsoaren audioa ipini dute. Orduan, Euskaldunako ordezkari baten eskutik jaso duen lore sorta hartu, eta hura eskuartean zuela, jendartean zegoen amarengana jo du. Txalo zaparraden artean, ama eta sema besarkada goxo batean bildu dira. 

Egañak azaldu du Mendiluzek aurreko egunetan zer aitortu dion; alegia, ez zuela gehiegi pertsonalizatu nahi keinu hori eginez, izan ere, "Andoainen jende asko dago gure ama bezalako, nahiz erdalduna izan, nahi izan duena bere seme-alabak euskaraz haiz eta hezi daitezen. Beraz, keinua denentzat izan dadila". 

 

Bertsozaleentzat bertso saio gustagarria

Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Alaia Martin, Sustrai Colina, Jone Uria eta Aitor Etxeberriazarragak osatu dute saioa, Andoni Egaña izanik gai jartzaile, eta gozatu ederra hartzeko aukera eduki dute Bastero lepo jarri duten bertsozaleek.

Bertsozale Elkarteak grabatu du bertso saioa , eta bere webgunean zein ETB1eko "Hitzetik hortzera" saioan ikusi ahal izan da bizpahiru aste barru.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!