Andoainen maiz izan da Albisu, liburu-aurkezpenak egiten edo tailerrak eskaintzen. Atzera eginez, hauxe behin Aiurriri eskainitako elkarrizketatik pasarteetakoa:
XXI. menderako proposamena egiten duzu. Zenbateraino mantendu behar da XIX. mendeko eta XX. mende hasierako janzkera, zenbateraino "birsortu" behar da gizarte moderno baten estetikara edo modetara moldatuz?
Mantendu, moldatu…, eta birsortzeko, lehenik ezagutu eta jabetu beharra dago. Kontua da, gure kulturaren beste arlo askotan ez bezala, transmisioa hautsi egin zela. Horrez gain, gureganaino heldu dena gehienetan XX. mende hasierako estetika kostunbrista arrotz batetik dator. Horrela, bada, geure ezaugarriak mantendu zituzten jantzi eta janzkerari antzoki edota festa ikusgarrietarako sortu eta bilakaturiko jantzien aldean baliorik ez zitzaion esleitzen. Horrek geurearekiko ezjakintasun handia ekarri du.
Atondu proiektua sortu genuenean, artean ia erabiltzen ez zen hitz horrekin (modan jarri dugula uste dugu) gauza asko adierazi nahi genuen. Alde batetik, fisikoki atontzeari ekin behar geniola, izpiritu berri batekin. Bestetik, gure jantzi eta janzkera tradizionalaren gaia, Etxeparek zioen bezala, plazaratu, bere goren gradura igo eta behar bezala atondurik behar zuen lekua eman behar geniola gure kulturan. Hori horrela izanik, XXI. mendeak ekarriko ditu ekarri beharrekoak.