N1 ANDOAIN A15

"Ordezkatzen gaituzten erakundeek inposatu nahi diguten proiektuari alternatibarik egon daitekeela ikustarazteak merezi izan du"

Jon Ander Ubeda 2023ko urt. 19a, 08:05

Larunbat honetan, eguerdiko 12:00tan hasita, CII proiektuak kaltetutakoen Andoaingo plataformak bilera batera deitu ditu herritarrak. Dekalogoa aurkeztu eta sinadura kanpainari ekingo diote. Aitor Aizpurua elkarteko ordezkarietakoa da.

Jendaurreko ekitaldi berria deitu duzue, larunbatean. Nondik norako ekitaldia izango da?

Gure plataformaren sorreraren helburu nagusia N-1 eta A-15 errepideak ingurumenarekiko jasangarri izateko proiektu bat definitzea eta bultzatzea izan da, pertsonen interesak errespetatuko dituena eta indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasotako helburuak bideragarri egingo dituena. Proiektu berri horren oinarriak ezarri nahi ditugu larunbateko ekitaldian, eta xede horrekin, Basteroko ekitaldian, proiektuak bete beharko lituzkeen hamar helburuko dekalogoa aurkeztuko dugu. Helburu horiek denak, indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorretik ateratakoak dira, eta beraz, Andoaingo Udalak defendatu beharrekoak lirateke.

Dekalogo horren aurkezpena eta gero, herritarren atxekimendua lortu nahiko duzue. Kalez kale ibiliko zarete ala telematikoki egingo da sinadura bilketa hori?

Bai, horrela da. Dekalogoak ahalik eta indar handiena izan dezan sinadura-bilketa bat jarriko dugu abian. Dekalogoa etxe guztietako postontzietan banatuko da herritar orok sinatu ahal dezan, eta behin sinaturik herriko hainbat puntutan jaso ahal izango dira, hala nola, Coviran Karrikan, Ernaitza liburudendan, Gorostidi burdindegian, Stop liburudendan eta Telletxea janaridendan. Larunbateko ekitaldian, nola ez, izango da dekalogoa sinatzeko aukera. Bestalde, “Change.org” webgunearen bidez ere bat egiteko aukera izango da, eta datozen asteetan kalean ere zenbait sinadura bilketa ekintza egingo dira.

Espainiako Diputatuen Kongresuak 476.000 euroko aurrekontu-partida onartu zuela gogorarazi duzue. Zertan dago partida hori?

Bai, berri pozgarria izan zen benetan 476.000 euroko partida onartu izana, CIIa geldiaraziko bada, alternatiba hoberik badela frogatu behar baita, eta aurrekontu partida honek proiektu sendo bat eraikitzeko aukera ematen du.

Andoaingo Udalak zuhurtasunez 476.000 euro hori 2023ko udal aurrekontuetan ez sartzea erabaki zuen joan zen abenduaren 22an ospatu zuten udalbatzarrean. Estatuko Boletin Ofizialean iragan abenduaren 24an aurkeztu zenez, ordea, lehenbailehen aurrekontuetan sartzea espero dugu, diru partida horren helburua lortzeko bitartekoak abian jartzeko.

Lau hilabete igaro dira C2ak kaltetutakoen plataforma aurkeztu zenetik. Zein da egiten duzuen balantzea?

Azken lau hilabeteak oso biziak izan dira. Plataforma eratu, kaltetuak elkartu, alegazioak bideratu, CIIaren berri herriari emateko hainbat eta hainbat ekintza, irailak 12ko udal mozioa, Batzar Orokorretan agerraldia, proiektu berri bat eraiki ahal dadin bitartekoak lortzea, adibidez, 476.000 euroko aurrekontu partida Estatuko aurrekontu orokorretatik eratortzea.

Lan gogorra burutu da denon partetik. Jendearengan sortu da ilusioa, gu ordezkatzen gaituzten erakundeek inposatu nahi diguten proiektuari alternatibarik egon daitekeela ikustarazteak merezi izan du eta mereziko du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!