Aurten, ordea, urteroko usadioari helduko diogu eta berriro Andoaingo kale eta plazetan barrena ibiliko gara otsailaren 4an, larunbatarekin, arratsaldeko seietatik aurrera, Kaletxikin azkeneko kantak urratuz amaitzeko.
Ahotsak prestatzeko helburuarekin eta kanta berriren bat ere ikasi behar baita, urtarrilaren 30ean, astelehenarekin, eta otsailaren 1ean, asteazkenarekin, entseguak egingo ditugu Anbrosia Olabide egoitzako sarrera nagusian, ohi dugun bezala, iluntzeko 20:00etan hasita.
Ateri egon edo kazkabarra egin Agate deunaren erronda kalean izango da berriro aurten, hutsik egin gabe. Errondaren ibilbidea ohikoa izango den arren, aurrerago horri buruzko xehetasunak emango ditu Manuel Larramendi Kultur Bazkunak.