Euskararen erabilera familia giroan sustatzeko ekimena martxan da udalerriko hiru ikastetxeetan

Jon Ander Ubeda 2023ko urt. 19a, 18:16
Ogi bana eramango dute etxera, Andoaingo ikasleek.

Astea amaitzerako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasle bakoitzak etxera eramango du ogitxoa, eta urteko lehen sei hilabeteak erronkaz betetzeko egutegi ilustratua. Andoaingo Udaleko Euskara Lansailak sustatu du ekimena, Aita Larramendi ikastola, La Salle Berrozpe eta Ondarreta ikastetxeen parte hartzearekin.

2023ko urtarrila eta ekaina bitarteko egutegi bat da, erronkaz beterikoa. “Ogia ez dadila falta… ezta euskara ere!” lemapean, euskara egunerokoan txertatzeko gonbitea da. Egutegia etxeko horman, hozkailuan edo hobekien irizten den lekuan jar daiteke. Bertan familiek QR kode bat aurkituko dute, mugikorrarekin eskaneatu ahal izateko; 2023ko ekainera arte euren erronkak zein izan daitezkeen aurkituko dute bertan. Proposamenak eta ideiak dira, lau hizkuntzatan idatzita: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta arabieraz. Erronka hauek euskarari eta honen erabilerari buruz hitz egiteko aukera eskainiko dute, hilabetez hilabete, ikasgelan zein etxean.

Andoaingo Udalak sustatu du ekimena, Aiurrirekin lankidetzan, Ondarreta, La Salle-Berrozpe eta Aita Larramendi ikastolarekin batera. Iaz abiatutako ekimena osatu eta aberastu du Euskara lansailak.

Euskararen transmisioan protagonista izan daitezen

Udalak ohar bidez zabaldutako mezuaren arabera, “hizkuntza asko bizi dira gure udalerrian. Gure asmoa Andoaingo familiak gonbidatzea da, haiek ere euskararen transmisioan protagonista izan daitezen. Ogiaren sinbolismoa erabili dugu, eguneroko elikagaia delako, euskararari lotzeko. Egunerokoan ere erabiltzen den hizkuntza izan daitekeelako”. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan eragingo du egun hauetan abiatutako kanpainak. Astea amaitzerako herriko haur guztien artean banatuta izango da egutegia. Eta ogia, janda.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!