Berrondoren eta Oiartzabalen bi kanturen estreinaldia, gaurkoan Altza auzoan

Xabier Lasa 2023ko urt. 20a, 12:00

Gurea elkarteak eta Altza ikastetxe publikoak estreinatuko dituzte, lehen aldiz, aurtengo San Sebastian egunean.

Joxe Mari Oiartzabal eta Joxe Ramon Berrondo musikariek Altzako auzotarrentzat bi abesti konposatu dituzte, aurtengo danborradan lehenbiziko aldiz jo ditzaten. “Zapi-urdina Altza Ikastola” du izenburu batek, eta SJC Altza Eskola Publikoarentzat sortu dute. Bigarrengo abestia, “Gurea Elkartea” da, izen bereko auzoko elkarteari eskainia.

Ostegunean, gauerdian, Gurea elkarteak bere ereserkia estreinatuko du. Biharamunean arratsaldeko 16:30ean, berriz, Altza ikastetxeko haurrek gauza berbera egingo dute beren doinu berriarekin; gora Kaletxiki txarangaren laguntzarekin auzoko kaleetan barrena ibiliko dira danborra jotzen.

“Biribilketa baten erritmoa hartzen duen doinua osatu nahi izan dut Altzako haurrek gogoz eta alaitasunez jo dezaten” aitortu du Oiartzabalek, “Zapi-urdina Ikastola” abestia nola osatu duen azaltzen hasita. Erantsi duenez, “danborren eta kupelen arteko elkarrizketa gisa antolatuta dago abestia, eta bere azken zatian, danbor-jole guztiek kantari amaitzeko pentsatua dago”.

Gurea elkartearen ereserkiari dagokionez, zera adierazi du Oiartzabalek: “Melodia itsaskorreko doinu indartsu eta bizia sortzea izan da nire asmoa hasieratik. Ea kupel eta danborjoleek gogoko duten kalera irten eta danborra jotzen dutenean!”.

Berrondok, bere aldetik, hitz-sortzaile gisako eginbeharrak ez daukala misterio handirik aitortu du. “Ezeren gainetik, ereserkia norentzat den ondo jakin behar da lehenbizi. Elkarte edo ikastetxe horren historian eta gizarte-eginkizunean murgildu, zortzi-hamar hitz gako hautatu, eta horiek testu koherente batean batzea da kontua”. 

Donostiako hainbat elkarteen doinu jartzaile

Oiartzabalek eta Berrondok bikote bikaina sortu dute, lehenak danborrez jotzeko doinu dantzagarri eta alaiak sortuz, eta bigarrenak, elkarte bakoitzaren izen eta izanera lotzen diren hitzak josita. Era horretan, Donostiako musika ondareak eta bertako hainbat elkarte danbor-jolek badute Oiartzabal eta Berrondorekin esker oneko agertzeko arrazoirik. Izan ere, azken urtetan hainbat elkarterentzat aritu baitira ereserkiak sortzen. Santiagomendi, El Sauce, Urtoki eta Club Ciclista Donostiarra elkarteentzat iraganean, eta Altzako Altza Ikastetxe Publikoa eta Gurea elkartearentzat aurten.

Bestalde, ezin ahaztu Joxe Mari Oiartzabalek Donostia hiriari eta bere musikagintzari azken hamarkadetan eskaini dien ekarpena. Bere eskuetatik igaro izan dira Donostiako jai nagusietan kalea girotzen dituzten doinu tradizionalen moldaketa gehienak, Sarriegik eta beste zenbait konposatzaileek sortutakoak. San Sebastian Egunekoak ez ezik, baita Kaldereroetako zein Inauterietako ospakizunetako makina bat abesti moldatu izan ditu, instrumentu ezberdinekin jo ahal izateko. Doinu horiek guztiak bost diskotan bilduta daude aspalditxotik.

Donostiako Udalak, 2020an, aintzat hartu zuen Oiartzabalek egindako lan guztia, aitortza publikoa jaso zuen, San Sebastian egunean. Ohorezko batuta eman zioten, eta bere ekarpena balioan jarri nahi izan zuten: "Urte asko baitaramatza Donostiaren aldeko lan isil, dotore eta doakoa egiten".

Era horretan, Urtarrilaren 19tik 20rako gauean, Konstituzio plazako Udal liburutegiko balkoitik egin ohi den ekitaldi jendetsuan, Eneko Goia alkateak eta Joxe Mari Oiartzabalek banderak igotzeko ardurak hartu zituzten; Goiak Donostiako bandera igo zuen, eta Oiartzabalek ikurriÒa.

Ikastetxeen doinuen sortzaile

Altza auzoko ikastetxe publikoa hizpide hartuta, gogoratzekoa ere bada ez dela lehen aldia Oiartzabalek eta Berrondok ikastetxe batentzat ereserkia sortzen dutenik, gero danborradan jotzeko moduan gainera. 2019ko apirilean, Ondarreta ikastetxe publikoarentzat egindakoa eman zuen jakitera, bat eginez bere sorreraren 50. urteurrenarekin. Eta urte bereko maiatzean, bikoteak La Salle-Berrozpe ikastetxearen mesedetan jarri zuen bere sormen-iturria; handik gutxira, Kaletxikiko jaietan, Gora Kaletxiki bandak interpretatu egin zuen abestia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!