"Zoriontsu aritu naiz arrain-saltzaile ogibidean"

Xabier Lasa 2023ko urt. 22a, 07:00

Ondarreta kaleko Begoña Arrandegiak ateak itxi ditu, 35 urteren ostean. Joan den urteko azaroan Begoña Gorrotxategik 65 urte bete zituen, eta abenduaren 24an egin zuen bere azken lan-eguna.

Jubilazio hitza bozkarioarekin lotzen bada ere, ez dirudi hala denik Gorrotxategiren kasuan. Akabo eguneko lan-ardurak eta akabo bezeroekin goizeroko tertuliak! Iraganera begira jarrita, pena puntu batekin topatu dugu geroztik, eta berak azaldu dizkigu arrazoiak.

Ez omen zaude oso pozik, erretiroa hartuz geroztik.

Egoera berrira egokitu ezinik nabil, egia esanda. Zoriontsua izan naiz beti arrain-saltzaile gisa! Zer esango dizut, aukeran, nahiago ogibide horrek ematen zizkidan zereginak eta bezeroekin tratua, bilobak eskolara eraman eta ekartzen ibiltzea baino.

Kontua da etxean pittin bat behartu egin nautela erretiroa hartzera, “kotizatu duzu nahikoa, eta eskertuko dizu osasunak, ama!”, esanez. Ondo pentsatuta, ez zaie arrazoirik falta: adinean aurrera, handitu egiten dira edozein istripu txiki edukitzeko aukerak. Eta, bestalde, negua iritsi orduko, beti gaixotu izan naiz, arrandegiko baldintzak ez baitira egokienak gorputza tenple onean edukitzeko: arraindegiko atea beti zabalik, hozkailu-ganbera eta mostradoreko izotzak inguruan… Senarrak ere ondo eskertuko du nire erretiroa, kaxa pisutsuekin zama-lanak egin zitzan eskatzen bainion tarteka.

Jakina da nire osasun fisikoaren mesederako izango dela erretiroa. Baina osasun mentala. Hori beste kontua da, eta niri dagokit orain kudeatzea.

Bezeroekin aparteko tratua izan duzula diozu.

Bai, berezi-berezia. Bezero fidelak eduki baititut beti, zoragarriak! Urtetan eta urtetan. Askorekin, jada, atetik sartu orduko, banekien zer eskatzera zetozkidan. Batzuei telefonoz ere hots egiten nien halako generoa neukala ohartaraziz; bestalde, bi-hiru astetan baten bat ez bazen agertzen, agudo hasten nintzaien galdezka beste bezeroei ea zeozer bazekiten. Arrandegian beti egon da esertzeko aulkia, eta bezero asko presarik gabekoak izan ditut, itxaron behar denean ere hizketan hasteko pronto egon direnak, eta neu ere ez naiz isilik egotekoa. Horrekin dena esana dago. 

Eskertua egongo zara bezeroekin, beraz.

Bai, jakina, biziki eskertua! Azken lan-egunean, abenduaren 24an, opariekin (eskumuturreko-pitxiekin, bonboiekin, polboroi-kaxekin, orkidea-sortarekin…) aurkeztu zitzaizkidan arraindegian batzuk. Nola ez emozionatu halako bezeroekin!

Eurekin eduki dudan arreta abegikorragatik eskerrak ematera gerturatu zaizkit asko, eta erantzun diet neu nagoela zorretan eurekin, arrandegian jarri duten konfiantzagatik, eta haiei esker nik bizimodua atera ahal izanagatik.

Egia esan, mezu ugari jaso ditut egunotan; batetik, zorionak emanez, erretiroa merezita daukala esanez, baina, bestetik, pena sentitzen dutela aitortuz.

Lehengoan, batzuek otsailaren 10a libratzeko eskatu zidaten, agurreko bazkari edo afari bat antolatzen ari omen direla-eta.    

Pena, zergatik?

Lotsa ematen omen die egoera berriak, aurrerantzean beste arraindegietara joan beharko dutelako. Nik erantzuten diet herriko beste arrandegiak desiratzen daudela bezero berriak edukitzeko, eta tratu bikaina jasoko dutela. Azken batean, merkatariei bezeroek ematen die bizia.   

Gero eta arrain gutxiago jaten omen da

Ez nuke jakingo ziurtatzen baieztapen hori. Baina egia da badituela arrazoi batzuk atzera egin dezaketenak, prezioari eta erosotasunari garrantzi itzela ematen zaion gizarte honetan: garestia da, orohar; ez da oso erraza sukaldean prestatzeko; arantzak dauzka; umeei gozagarriagoak egiten zaizkie oilaskoa, pizza edo hanburgesa, eta, hartara, gurasoentzat ere di-da bateko lana…

Erosketa-ohiturak ere aldatzen ari dira belaunaldi berrien artean. Nabarmentzen saltoki handien, elikagai izoztuen, aurrez prestatutakoen elikagaien aldeko joera.

Eskaintza zabala daukazu saltoki handietan, denetariko erosketak karro bakarrean pilatzeko aukera ematen dizute, eta erraz jartzen dizute erosotasunaren eta azkartasunaren ikuspegitik. Nolanahi ere, ez joan leku horietara denda txikien gertutasunaren eta arretaren bila!

Bestalde, aurreiritziek eta ezjakintasunek gehiegi funtzionatzen dute, kalitatea eta kantitatea neurtzen hasita. Urrutira gabe, aitortuko dizut alaba eta biok nola joan ginen Usurbilgo saltoki handi batera lehengoan, eta nahi gabe ere, nola hasi nintzen alderatzen hango arrandegiko oilarra eta nik saldu izan dudana, eta zinez, esango dizut dezentez merkeagoa saldu izan dudala nik.

Eta elikagaien kalitateaz, zer esan? Detaile txikiek ere gauza handiak adierazi ditzakete, eta bat kontatuko dizut: haurra eduki berri duten gazte franko hurreratu izan da nire arraindegira, arraina erostera. Berdin zaie eurek beste edozein tokietako arraina jatea, baina kontuz! Haurrarentzat, genero onekoa ziurtatu nahi izaten dute.

Denda salgai edo alokairuan jartzeko asmorik ez?

Ekonomikoki ez daukat haindanoko premiarik, eta oraingoz bere horretan utziko dut, lokala itxita. Gainera, harrokeriarik gabe, baina aitortu behar dut kalitatezko generoarekin lan egiten saiatu izan naizela beti, eta horrez gain, ahalik eta harrerarik gozoena egiten bezeroari. Bi faktore horiek bereziki zaindu izan ditut 35 urtetan, eta etorkizunean besteren batek arrandegia irekiko balu, jendeak alderaketak egiteko joera edukiko luke; sufritu egingo nuke. Ez dut egoera hori bizi nahi, bakean egon nahi dut.

Arrandegiak urritzen ari dira.

Andoainen, oker ez banago, bost bat dauzkagu (Saldias, Bitoria, Maria Mar, BM, Eroski) erosi liteke, eta aparte, beste bi saltoki handitan. Ematen du herriko arrandegiek, gainerako denda txikien antzera, etorkizun iluna daukatela.

Gazteek apenas erakusten dute arrain saltzaile izateko gogoa, are gutxiago ikusita herriko merkataritzaren panorama. Egia esatera, bere alde onak eta txarrak ditu ofizioak. Ez da batere lanbide zaila; ez dizkizu ingeniaritzako ikasketak eskatzen, nahikoa arrainari ezkatak kentzen ikastea, goizean-goiz jaiki eta genero ona erostea, negozioa txukun eramaten jakitea, bezeroarekin esku ona edukitzea… Ziurtatzen dizu bizimodua! Baina bestalde, ederki lotzen zaitu zeurea bada negozioa, eta bere ordutegiak ere atzera egiten die askori, goizean-goiz jaiki behar horrek batik-bat!

Konparazio batera, badakit Astigarragan gertatu dena oraindik orain, herri-kaskoan dagoen arrandegi bakarrarekin: bertako arrain saltzaileak erretiroa hartu zuenean, zeharo harrituta sumatu nuen, inork ez ziolako lekukoa hartu nahi! Non, eta gaztez hornitzen ari den herri batean!

Nola ikusten duzu herriko komertzioen etorkizuna?

Iluna! Dendak ixten ari dira etengabe, eta egoera iraultzeko espektatibarik ez da ikusten geroan. Bizpahiru denda geratuko dira zabalik azkenean, lau bezero ero edo kapritxosoentzat. Ireki berri dituzten bi saltoki handiek errematatzera etorri direla esango nuke. Nonahi ari dira irekitzen saltoki handi horiek, merkataritza txikia irenstera eta herrietako bizitzak hiltzera datozenak, eta nik ez dakit zeri begira dabiltzan instituzioak,  irekitzeko lizentziak barra-barra banatuz. Ulergaitza da Udalaren jarrera; 50 euroko kontsumo-bonuekin egoera etsigarria estali dezaketela uste dute, edo hori sinestarazi nahi digute. Hori ez da irtenbidea, hori arpegi garbitze hutsa da.

Noiz eta zergatik ireki zenuen arraindegia?

Aita hil zenean, ikasketak utzi eta SAPA lantegian hasi nintzen, nahiko gazte nituen orduan, 16 bat urte. 30 bat urte bete nituenean, arrandegia jartzea bururatu zitzaidan. Garbi neukan autonomoa, nire buruaren jabe izan nahi nuela, inoren agindutara ez egoteko. Etxean jota nengoela esan zidaten, soldata finkoa baineukan lantegian, eta etorkizuna ziurtatuta! Baina egoskor jarri nintzen, eta aurrera egin nuen! Ez naiz batere damutzen orduan hartu nuen erabakiagatik. Kontrara, zoriontasuna eskaini dit lanbide honek.

Baina ez zinen hutsetik hasiko arrainaren sektorean…

Ez, jakina. Gure amak (BegoÒa Iraola) Urnietan arraindegia eduki zuen urtetan, eta hura itxi eta gero, Andoainen, osabaren arrandegian laguntzaile gisa segitu zuen. Nik nirea ireki nuenean, ama ondoan eduki nuen lehenbiziko urtetan; ofizioan ondo erakutsi zidan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!