1923 Euskalduna 2023

Bertso jokaldi bikainak Euskaldunaren historiaren joku-zelaian

Xabier Lasa 2023ko urt. 22a, 07:00

Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina

Gaia: “1923an gaude, Euskalduna futbol taldea sortu zen egunean. Zuek, Andoaingo bi baserritar zarete eta lehenengo aldiz, maiatzeko arratsalde batean, baratzean lanean ari zaretela, han ikusi dituzue, urrutira, 22 tipo praka-motxetan eta baloi baten atzetik zalapartaka. Berriketan hasi zarete”.

 

Aitor Mendiluze:

Prakak izter erdian

atorra urdina,

hoien korri beharra

eta hoien grina.

Zelai batean ari

direla jakina.

Dena arrastaka

ta zuloa egina.

Gure baratza ez da

oso desberdina (bis).

Sustrai Colina:

Hara ta hona dabiltz

euren baldarrean,

zelai bat bilatu nahiz

piko malkarrean.

Ni begira naukate

jenio txarrean.

Aitor, ez ote daude

halabeharrean?

Txori-malo gehiegi

baratz bakarrean (bis).

Aitor Mendiluze:

Hogeitabi elkartu

elkarren ondora,

esan liteke ari

direla gustora.

Bola bat darabilte

behera eta gora.

Ostikoz jotzen dute

jakin gabe nora.

Bola horren jabea

pozik egongo da (bis).

Sustrai Colina:

Hemen gertatu dena

da enez behin behinekoa,

ezin liteke izan

gure heinekoa.

Dena da gorputzeko

zein mingainekoa.

Bola bat darabilte

bola oinekoa,

ez erabiltzearren

lepo gainekoa (bis).

Aitor Mendiluze:

Noizbait erabiltzea

berez ez da txarra.

Baina hauek oinetan

daukate indarra.

Bat bada beltzezkoa,

da tente xamarra.

Bati keinua eta

besteai oharra.

Hoitabi txorimalo

ta bele bakarra (bis).

Sustrai Colina:

Ta berak markatzen du

besteen nibela,

elitzake egongo

erdian bestela.

Ni harritu egin naiz

begira gaudela,

nahiz zuk aurkezten duzun

bele bat bezala,

ni sinistuta nengon

polizia zela (bis).

Aitor Mendiluze:

Uste hortan begira

aritu natzaio.

Izan ziteken, baina

ez izanda nahio.

Bitartean besteak

pelotak arraio!

Besteen sarean sartzen

horrenbeste saio.

Joko klase hau nori

gustatuko zaio? (bis).

Sustrai Colina:

Baloia astintzeko

ze borondateak,

bainan neurtezinak

dira albo kalteak.

Baten paseak eta

besten regateak.

Zelaitik urrun jo du

gaur erremateak,

ta izorratu ditu

nere tomateak (bis).

 

Jone Uria eta Alaia Martin

Gaia: “Zuek bi gazte zarete, 1923ko hartan. Jokalari batzuk, kuadrillakoak zenituztela eta, lehenengo futbol partidu hori ikustera joan zarete. Hamar minutu pasa orduko, Jonek zera esan du: “Jo, nik ere gustura probatuko nuke jolas hori”. Eta Alaiak burura eman ditu eskuak: “Erotu al zara?”.

Jone Uria:

Orain artean ikustea ez da

izan guretzat problema.

Nik ulertu dut joku-modua,

arauak eta sistema.

Eta uste dut sobran dudala

gaitasuna ta almena.

Esan zaidazu zer dan hainbeste

ikaratu zaituena.

Alaia Martin:

Zure gogoa nire gogoak

ezingo du harrapatu.

Begira zenbat

leku daukaten,

hainbeste metro karratu.

Zure oinak ta desio hoiek

sabelean amarratu.

Guk ezin dugu oihurik egin

ta belaunik urratu.

Jone Uria:

Ezin dugula guk ezer egin

esan duzu, baina tira.

Berria dugu kontu hau eta,

gure abantaila hori da.

Gauza bat behintzat onartuko dut

egoeraren neurrira.

Eurak etziren gu orain gisan

egongo gure begira.

Alaia Martin:

Jarri arreta euren arropan

eta euren uniformean.

Jarri arreta paparra puztu

berri duen gizonean.

Jarri arreta zelai horien

sustraiaren sakonean.

Begira igual egongo dira

baina ez zentzu onean.

Jone Uria:

Akaso heldu liteke, beraz,

begi lizunen tropela.

Ta komentatu gure jolasa

noraino dugun motela.

Baina nik uste aprobetxatu,

saiatu behar genukela.

Ez bagaituzte beraiekin nahi,

eurek esan dezatela.

Alaia Martin:

Eurek esan ez, eurek egingo

digute ozen iseka.

Garai bateko kontua baita

gure arteko hizketa.

Txalotzea ta barre egitea,

hori da gure ariketa.

Andre ta gizon

partida hortan

urrun dago berdinketa.

Jone Uria:

Hortan arrazoi emango dizut,

ezin gintezke konpara.

Ezin gintezke nahi bezain lasai

atera zelai hortara.

Ta nahiz ez garen igual helduko

berdinketa batetara,

behintzat posible izango al da

hemendik ehun urtetara?

Alaia Martin:

Ai, ehun urte pasa ta emango

ote du baloiak bira!

Galtzamotzetan irtengo ote

gara zelaien erdira.

Momentuz hobe dugu amestu

geure aukeren neurrira,

bestela gure ametsen golak

saretan geratzen dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!