N1 ANDOAIN A15

Helburu lorgarrien dekalogoa aurkeztu du C2ak kaltetutako plataformak, eta babesak jasotzeko sinadura kanpainari ekin dio

Jon Ander Ubeda 2023ko urt. 21a, 13:01

Ekitaldi korala izan da, herritar ezberdinen parte hartzearekin. Andoain bizigarri baten aldeko apustua egin nahi du plataformak, eta hirigintza eta ingurumenari loturiko helburu lorgarriak aurkeztu ditu.

Ia 200 lagun elkartu da gaurkoan Basteron, C2ak kaltetutakoen plataformak deituta. Gabonak igarota, ekimen berria abian jarri du eta hurrengo hilabeteetan zeresana emango dute gizarte-bizitzan. Hirigintza alorreko egitasmoa bete-betean jotzen du Bazkardon egin nahi duten errepide-egitasmo berriak, eta horri aurre egiteko Andoain hobetzeko hainbat puntu aurkeztu dituzte.

Ainhoa AIertza eta Iñaki Perez de Eulate izan dira ekimenaren aurkezleak, baina protagonismoa herritarrek hartu dute. Dekalogoa pertsona ezberdinek irakurri dute. Gaia testuinguruan kokatzeko Leire Garcia Mimendiko bizilaguna eta Aitor Aizpurua Allurralde Berri baserrikoa igo dira oholtzara. Segidan helburu lorgarrien dekalogoari heldu diote. Dekalogoa irakurri dute Lurdes Ezkurra Mimendiko bizilagunak, Salva Parada Euskaldunako presidenteak, Andoni Etxezarreta arkitektoa eta Aita Larramendi ikastolako gurasoak, Maitane Lopez de Munain Salkin elkarteko merkatariak eta Patxi Aznar Eguzki elkarteko ordezkariak.

Sinadura-bilketa

Martxoaren 5a bitarte herritarrek sinadura emateko aukera izango dute. Basteron dagoeneko dozenaka lagunek eman dute izena baina datozen egunetan eskuorri bana iritsiko da buzoi bakoitzera. Sinadura guztiak bildu eta gero, Andoaingo Udalera, Aldundira, Arartekora, Ingurumen Ministeritzara eta Europar Batasunera bilduko dituzte.

Ekitaldia txalo artean amaitu da. Kazetariei erantzunez, Perez de Eulatek adierazi du sinadurak norbanakoek eman behar dutela. Baina ez du baztertzen talde-erakunde gisa atxekimendua adierazteko aukera. Beti ere, norbanakoen sinadura kanpaina amaituta. Hainbat tokitara eraman behar dira sinadura horiek, herriko merkatalgune ezberdinetara. Horrez gain, auzoetan barrena ibiliko direla iragarri du.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!