Edukiontzi berriak jarriko dira kafe kapsulak egoki biltzeko, Aiztondon eta Andoainen

Irune Alfonso 2023ko urt. 23a, 12:47

Kafea munduan gehien kontsumitzen den produktuen artean aurkitzen da eta urteen poderioz kontsumitzeko formatua aldatzen joan da. Aldaketa horiek ordea, ez dira beti era jasangarrian izan, gaur egun modan dauden kafe kapsulak esaterako. 

Bertakoa ez den produktua kontsumitzeaz gain, honek sortzen duen aztarna hidrikoarekin batera, saihestu daitekeen hondakina sortzen da. Honi aurre egiteko Tolosaldeko Mankomunitatean eta Andoainen, gaurtik aurrera kanpaina berria abiatuko da kafe kapsulek sortzen duten hondakina gaika biltzeko.

Kafe kapsulak kontsumitzean, sortzen den hondakina plastikozko edo aluminiozko ontzia eta kafe-hondarra dira eta orokorrean, bi hondakin hauek batera deuseztatzeko ohitura dago, kafe-hondarrak edukiontzi marroira eta kapsulak edukiontzi horira bota beharrean. Hondakinak egoki bildu ezkero, beste kafe-hondarrak eta ontzia gaika bilduta beste hainbat produktu egiteko erabiliko lirateke eta produktuari zirkularitate izaera eman.

Tolosaldeko Mankomunitateko kanpainaren xedea hori da hain zuzen, eta honekin hondakin hauen %100a birziklatzea. Hondakin hauen birziklapena errealitate izateko Tolosaldeko kaleetan hainbat edukiontzi jarriko dira kapsulen hondakinak jasotzeko. Guztira, 60 edukiontzi jarriko dira, olioaren edukiontziaren ondoan. Aipatzekoa da, edukiontzi hauek egiteko erabilitako lehengaia kafe kapsulak izan direla, hortaz, hondakina baliabide bihurtu izanaren adibide argia da honako hau; edukiontzi bakoitza fabrikatzeko 7.500 kapsula erabili dira.

Eskualdeko etxe guztietako postontzietan esku-orri bat banatuko da kanpainaren inguruko informazio guztiarekin eta zerbitzu berri honen inguruko xehetasunak zabaltzeko. Gainera, informazio puntuak ere jarriko dira. 

Informazio puntu hauen egunak eta ordutegiak ondorengoak dira:
HERRIA EGUNA ORDUA

TOLOSA Urtarrilak 23, astelehena 10:00-14:00
ALEGIA Urtarrilak 25, asteazkena 16:00-20:00
ANDOAIN Urtarrilak 28, larunbata 10:00-14:00
ANOETA Urtarrilak 31, asteartea 10:00-14:00
TOLOSA Otsailak 4, larunbata 10:00-14:00
ASTEASU Otsailak 6, astelehena 16:00-20:00
VILLABONA Otsailak 7, asteartea 10:00-14:00
IBARRA Otsailak 9, osteguna 16:00-20:00
IRURA Otsailak 14, asteartea 16:00-20:00
ZIZURKIL Otsailak 15, asteazkena 16:00-20:00

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!