Montxo Gomez Calleja andoaindarra, soldatapeko langile denez geroztik, elikagaien kale banatzailea izatea egokitu izan zaio. Irura Urdaitegiarekin egin zituen lehenbiziko urteak gaztea zela, eta, 1998an, Andoaingo Arratibel okindegia zenarekin hasi zen ogi banaketan; geroztik, bere horretan jarraitzen du, nahiz eta lantegiak OgiDonosti izena hartu azken urteetan. “Martxoan, 27 urte egingo ditut, eta beste mordoa egin beharko dut aurrerantzean ere, nagusiak eta bezeroek hala agintzen badidate behintzat”.
Urte horietan, eduki du denbora sobera Asteasu, Aduna, Amasa-Villabona, Andoain eta Zizurkilgo baserri-auzoak, eta baserriak, bertako auzotarrak eta bertako bidexkak ezagutzeko. Baita Aia, Igeldo eta Usurbilgoak ere.
“Ibilbideak aldatzen joan zaizkit urteen poderioz, beti ez dut zeregin berbera eduki. Bolada batean, Aia, Asteasu, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo 150 baserritan baino gehiagotan banatu behar izaten nuen ogia, eta ahaztu gabe, herri horietako zenbait denda. Ederki zapaltzen nuen furgonetaren azaleragailua, ordutegia zintzo bete behar-eta”.
Gaur egun, Aiztondoko herrietako eta Andoaingo ehundik gora etxe, baserri eta dendetara iristen da, astelehenetik ostiralera. “150 kilometro egingo ditut guztira, egunero. Gero, asteburuetan, beste eremua egokitzen zait, Igeldo, Errotaburu, Antigua, Aiete, Amara, Lasarte-Oria, Usurbil… Ogiarekin batera, egunkaria uztea ere nahi izaten dute zenbait bezerok”.
Zerbitzuaren gainbehera
Montxo Gomez ohartuta dago jaisten ari zaiola bezeroen kopurua, urteen poderioz. “Betiko bezero batzuk, adinean aurrera, hil egin dira, eta baserri batzuk ere hutsak geratu dira, edo eraitsi egin dituzte… Andoainen, konparazio batera, mordo bat (Perikotegi, Aritzaga, Garro, Arantzazunea…) zerrendatik kendu behar izan dut”.
Begi-bistakoa da zerbitzua gainbeheran doala. Baina bezero kopuruak banaketa errentagarria egiten duen bitartean, zerbitzua mantenduko den esperantza dauka Gomezek: “Urte batzuk iraungo duela iruditzen zait; izan ere, teknologia modernoen aroan, beti egongo da jendea horrelako zerbitzuak, aurrez aurrekoak, eskatuko dituena”.
Estimatzen den zerbitzua
Izatez, bezeroek biziki estimatzen dute ogizalea egunero ate ondora etortzea. “Egunean eginda kontsumitzeko elikagaia da ogia, behar handikoa sukaldean, eta, benetan, eskertzen eta baloratzen dute bisita txiki hori. Autorik eskura ez dutelako, mugikortasun murriztuko pertsonak direlako, ogia jateari utzi diotelako, edo besterik gabe, erosoagoa egiten zaielako”.
Bezero batzuk maiztasunez ikusten ditu, beste batzuk ez. “Badakit zer nahi duten, eta eskura uzten diet atarira ateratzen bazaizkit, eta bestela, txoko jakin batean (leiho edo ate ondoan, buzoi gainean…) uzten diet. Zenbait etxetan, zain ere edukitzen ditut, bai baitakite zein ordutan egokitzen den etxe aurreko nire geldialdia. Beste zenbait tokitan, pasatzen naizen paretik, bozina jo, eta parera ateratzen zaizkit”.
Denboraren poderioz, bezero askorekin konfiantza egin du Gomezek. “Hizketarako prest edukitzen ditut, ezpainetan eguraldia edo beste edozer dutela. Hitz batzuk trukatzen ditugu, eta elkarri umorez zirikatzeko denbora ere hartzen dugu. Luzatuko nituzke berriketak, atseginak eta zer esateko asko daukaten pertsonak baitira normalean. Baina presaka eta korrika ibiltzen naiz, eta moztu behar izaten diet, pena handiaz. Halakoetan, ulerkor agertzen zaizkit”.
Tarteka, bezeroak atarian oparitxoekin zain topatu ohi ditu Gomezek; aldarte oneko konfiantza horren seinale, zalantzarik gabe. “Baserriko produktuak gehienetan, edota, ardo-botila, txanpaina, gazta… luzatzen dizkidate. Nik nire eginbeharra ahalik eta finen betetzen saiatzen naizela eta ez dudala halakorik merezi esaten diet, baina ez naiz kapaz itsuskeriarik egiteko; izan ere, keinu horrekin, estimazio zintzoa adierazi nahi dizute. Batek baserriko babarruna sorta ematen dit urtero, eta, opari horren aitzakiatan, lagunarteko bazkari bat antolatzen dut nik elkarte batean”.
Harreman estu hori dela medio, Gomezek egin izan du taxistaren lana noiz edo noiz; ez dauka inongo erreparorik horretarako, hala egokituz gero. “Badakite noiz igaroko naizen etxe aurretik, eta, ea kalera jaitsiko ahal ditudan, mesedea eskatzen didate”.
Erreportajea osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.