"Arantxa Iartza oso presente izango dugu aurtengo kantu-errondan"

Jon Ander Ubeda 2023ko urt. 27a, 07:00

Jalon eta Kamio, 2022ko edizioan. Aurten musukorik gabe ariko dira kantuan.

Otsailaren 4a iristean, Santa Eskean aritzen den taldearen zain izan ohi da Andoaingo euskaltzale ugari. Garai bateko kantu erronda eta afaria berreskuratuko du Larramendi Bazkunak, aurtengoan

Andoainen Santa Eskean kantuan ateratzeko ohitura Larramendi Bazkunari lotuta dago. Nola doaz aurtengo prestakuntza lanak?

Aurtengo kantu-erronda antolatuta dugu, jada. Denborarekin hasi ginen erabakiak hartzen eta guztia gogoz prestatzen. Entseguak, datorren urtarrilaren 30ean eta otsailaren 1ean izango dira arratsaldeko 20:00etan Anbrosia Olabide Eguneko Egoitzan.

Kantari ateratzeko otsailaren 4an, larunbata, arratsaldeko 18:00etan Larramendi Bazkunaren egoitzaren aurrean (Doktor Huizi, 15) bilduko gara. Gainera, azken bi urtetan ez bezala, aurtengoan kantu-erronda amaitzean ohitura den afaria izango dugu Ontza Elkartean.

Aurtengoan kantu-erronda bere osotasunean egiteko aukera izango da. Pozik egoteko motiboa bada, ezta?

Egia esan, aurtengo erronda berezia izango da guztiontzat. Covid19ak ekarritako zailtasun eta debeku guztiak alde batera utzita ospatuko badugu ere aurtengo Santa Eskea, 2023ko urtarrilaren 4an joan zitzaigun Arantxa Iartzaren hutsunea sumatuko dugu denok. 30 urte luze hauetan Santa Agedaren tradizioaren alde lan egindako emakumea izateaz gain, egun horretan inoiz ez zuen kale egiten. Horregatik, aurten “Santa Yagedaren lagun” izendatu dugu Arantxa, egindako lan guztia eta emandako laguntza eskertzeko. Ziur naiz oso presente izango dugula denok aurtengoan, eta baita aurrerantzean ere.

Liburuxka bat banatuko duzue, parte-hartzaileen artean, kantuan aritzeko.

Orain arte, otsailaren 4an koplak jasotzen zituzten askotariko paper eta esku-orriak banatzen genituen. Hauek azkenean, urtetik urtera galdu egiten ziren edota zakarrontzian bukatzen zuten. Horregatik, aurtengoan berrikuntza batekin gatoz. Kantu errondan abesten ditugun koplak jasotzen dituen liburuxka atera dugu, denok eroso eta gogoz abesteko asmoz.

Eta, bestalde, Lekukotzak sailean Otso Beltzaren argitalpena prest du Larramendi Bazkunak. Zer aurretatu daiteke?

Orain arte, Otso Beltzaren koplak benetako otso baten gainean zirela uste bagenuen ere, Garazi Kamiok zalantza handiak izan ditu beti gai honen gainean. Jakinmin horrek arakatzera eraman zuen eta hezur haragizko pertsona bati eskainiak direla jakin zuen. Gainera, koplen hurrenkeran ere arazoren bat zegoela uste zuen eta benetakoa topatu zuen XX.mende hasierako liburu batean.

Gau Beltza, Euskaraldia, Santa Ageda bezpera… Euskararen alde kalean eragiteko apustua indartzen ari da Bazkuna. Pozik orain artekoarekin?

Hori izan da azken bi urteetako Bazkunaren erronka nagusietako bat, eta bagoaz pausoak ematen. Egia esan, oso pozik gaude burutzen ari garen ekimen hauekin guztiekin. Momentu honetan, Bazkunaren helburu nagusietako bat herriratzea da, herriarekin eta herriarentzat lan egitea. Eta horretan jardungo dugu aurrerantzean ere: euskaraz lanean, euskaraz biziz eta euskaraz disfrutatuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!