XIX mendeko Donostiako inauteriak, "Eraldeak" liburuan ikusi eta entzuteko

Xabier Lasa 2023ko urt. 26a, 17:29

Juan Antonio Anterok Eraldeak. Donostiako inauteriak XIX. mendean liburua aurkeztu zuen Tabakaleran, atzo. XIX. mendeko donostiarrak inauterietan nola dibertitzen ziren azaltzen du liburuak, bere osagai ziren eralde edo konpartsa, bertso, musika eta beste hainbat elementu deskribatuz. Anterok hainbat abesti zahar berreskuratu egin ditu eta liburuaren bitartez entzungai jarri. Horien moldaketa lanetan aritu den Joxe Mari Oiartzabali eskerrak eman zizkion, aurkezpen ekitaldian. Ekitaldiko argazki-bilduma eta zati bat bideoz, ikusgai:  

Juan Antonio Antero Aranzamendi Donostiako historia ikerlariak eta kultur eragileak eraldea hitzaren esanahia izan zuen hizpide lehenengo eta behin, Tabakalerako Kluba ekitaldi-gelan bildu ziren ehunetik gora entzuleen aurrean. “Oso hitz sintetikoa da, oso erraz hartzen da gogoan, eta gure herri tradizioen lexikoan sustraitzen bada, gure kultura aberasten lagunduko dugu. Etxegaraik bere bertsoetan aipatzen du, 1983ko konpartsez mintzatzen denean, bertso batena aipatzen ditu.

Etxegaraik, 1813-1853 epean, Donostiako ospakizun gehienetan bertsoak eta letrak egin zituen, eta Anterok oso kontuan hartu du bere liburuan atontzeko orduan, bere hainbat bertso batik bat.

Donostiako hiria 1813an suntsituta geratu ostean, bertako biztanleek inauteriak suspertu egin zituzten. San Sebastian egunarekin batera hasten ziren ospakizun horiek, eta inauterien ohiko datetaraino luzatzen ziren. Anterok, orriz orri, ospakizun horiek zertan ziren deskribatzen ditu, nortzuk eta nola antolatzen zituzten festak, donostiarrak nola dibertitzen ziren. Eta horretarako, festa osatzen zuten osagaiak jorratu ditu bereziki: hala nola, eralde edo konpartsak, herri-elkarteak, musika, bertsoak, musika militarra, Udal Banda, sokamuturra, zezen-suzkoa, antzerkia, kabalgatak, agertokiak, bertsoak, partiturak, ereserkiak, martxak, koreografiak…

 

Euskararen presentzia nabarmena

Liburuaren hitzaurrea idatzi duen Aitzpea Leizaolak zehaztu duen bezala, liburuan “Donostian euskarazko kultur produkzio herrikoi urbanoaren garrantzia ageri zaigu”. Ildo horri eutsiz, euskara izugarri erabiltzen zela ospakizun haietan nabarmendu nahi izan zuen Anterok aurkezpenean, eta horren lekuko dira argitara jarri dituen euskaraz idatzitako bertso, poesia, ereserki eta martxak. Horietan, gizartea erretratatzen dute, garaian garaiko gertakizunak jaso dituzte”.

 

Liburua, pieza zaharrak entzuteko

Anterok, XIX. mendeko inauterien edukia deskribatu ez ezik, ikerketan barrena berreskuratu dituen hainbat bertso, partitura eta literatura-abesti jarri ditu inauterien eta herri kultur-zaleen esku; “liburuak, irakurri eta entzun ahal izatea du helburu”, egileak aurkezpenean zehaztu zuenez. Horrela, “musika-liburutegia” izenburuko atala erantsi dio liburuari. Hain zuzen, QR aplikazioa erabiliaz, berreskuratu diren abesti piezak entzuteko aukera ematen dio liburuak irakurleari.  

 

Aitormen berezia Joxe Mari Oiartzabali

Musika liburutegiko abesti guztiak Joxe Mari Oiartzabal musikariak moldatu dituela ohartarazi zuen Anterok. Gehitu zuenez, Oiartzabalek moldatu izan ditu gaur egun Donostiako danborradan eta gainerako herri ospakizunetan jotzen diren pieza gehienak.  

Horrexegatik, esker oneko aitortza publikoa egin nahi izan zion andoaindarrari, liburuaren aurkezpen ekitaldian. Joxe Mari Oiartzabal berak hitza hartu zuen ekitaldian, eta zera adierazi: “Urte ugaritan ikerketa lanaren ondoren egindako liburu honek, asko errazten digu garai haietako musikaren jatorria ezagutzea eta ohitura haien nondik norakoak ulertzea. Musika liburutegi honen bidez, musikazaleak aukera bikaina izango du, liburuko pieza batzuk entzuteko. Partiturak jarraitu ahalko ditu. Gaur egungo teknologia aurrerapenekin, aspaldiko usadioak ezagutu eta mantentzeko erabiltzea, oso lotura polita iruditzen zait”.  

Ekitaldiaren azken zatian, Dani Ayala gitarra joleak eta Judith Montero eta Roberto Pacheco saxo-joleek osatu zuten hirukoteak, Juan Antonio Anterok berreskuratu dituen XIX. mendeko eraldeen zenbait pieza jo zituen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!