"Maila altua erakusten ari naizela sumatzen dut"

Mikel Arberas 2023ko urt. 27a, 09:22

Zumeatarra Kirol Taldeko korrikalari baliotsua bilakatu da Javi Menta; astez aste, bere mugak gainditzeko lanean aritzen da; hala erakusten ari da azken boladan.

Javi Mentak urteak daramatza lasterketetan parte hartzen eta, bereziki, maila altua erakusten. Urrutira joan gabe, Behobian gainkaldeko postuetan sailkatu zen eta Betelu-Araitz krosean lehen postua eskuratu zuen, absolutuetan. Entrenatzen eta lehiatzen jarraitzeko gogo bizia duela aipatu dio Aiurriri.

Nondik dator zure lasterka egiteko zaletasuna?

Gaztetan futbolean jokatzen nuen, baina, zoritxarrez, 25 urterekin, belauneko lesio nahiko larria eduki nuen. Beraz, egun hartatik aurrera, ohiko mugikortasuna berreskuratzeko lanean jarri nintzen. Horrez gain, denbora neraman triatloi bat egiteko motibazioarekin eta nire lagun batzuk korrikalariak zirenez, gogotsu ekin nion helburu berriari. Horrelaxe hasi nintzen lasterketen munduan sartzen. Gainera, triatloi lasterketa egin nuenean, ohartu nintzen, atletismoko froga zela gustukoena nuena, gaur arte.

Nola hasi zinen lasterka, bakarrik ala taldean?

Nire kabuz hasi nintzen korrika. Urte batzuen ostean, atletismoa seriotasun handiagoarekin lantzea erabaki nuen, beraz, Zumeatarra Kirol Taldean sartu nintzen. Esango nuke, gutxi gorabehera, duela bostpasei urte igaro direla Zumeatarran hasi nintzenetik. Oso gustura nago.

Zaila al da maila altuari eustea, egunez egun eta astez aste?

Niretzako ez da horren zaila. Izan ere, oso gustura aritzen naiz korrika, eta pasio hori egunerokotasuneko errutina bilakatu dut. Egunero tartetxo bat hartzen dut entrenatzeko eta pozik betetzen dut ezarritakoa, ihesbide bat da niretzat.

Zein maiztasunekin entrenatzen duzu?

Normalean egunero entrenatzen dut. Kalean egin ohi dut lasterka, ezer berezirik egin gabe eta niretzat erosoena dena. Horrez gain, astean behin edo bitan, pistan intentsitate gehiagorekin aritzen naiz.

Horrez gain, txapelketetan parte hartzen dut. Normalean, igande goizetan izan ohi dira; bertan erakutsi dezaket astez aste egindako esfortzua eta entrenamenduen emaitza. Nire buruari helburuak jartzen dizkiot norberaren mugak gainditu ahal izateko; izan ere, lasterketak hobekuntza eta gainditze prozesu baten parte dira.

Ia egunero entrenatzen duzu eta, asteburuetan, sarritan, lasterketak edukitzen dituzu. Nola uztartzen duzu lana eta zaletasuna?

Ondo moldatzen naizela esango nuke. Ez naiz oso zorrotza ordutegiekin, hortaz, laneko ordutegira egokitzen naiz. Ez dit asko axola goizean edo arratsaldean entrenatzea.

Gustura al zaude, azken aldian, lortzen ari zaren emaitzekin?

Egia esan, bai. Denboraldia gogor hasi dut eta maila altua erakusten ari naizela sumatzen dut; egunetik egunera hobetzen ari naiz, eta horrek asko motibatzen nau. Esaterako, Araitz-Betelun egindako lasterketan, garaipena eskuratu nuen absolutuen mailan. Horrek guztiak, jarraitzeko eta entrenatzeko indarra ematen dit.

Lortutako emaitzak onak dira eta maila oso altua erakusten ari zara. Koska bat igotzeko prest ikusten al zara?

Azken aldian, nire marka propioak gainditzen ari naiz. Duela gutxi, Euskadiko Txapelketan pistako 3.000 metroko frogan parte hartu eta marka oso ona lortu nuen. Hala ere, oso zaila da Euskadikotik Espainiakora jauzi egitea; izan ere, gutxiengo denbora bat lortzea ezinbestekoa da, eta, niretzat, behintzat, oso oso zaila da.

Eta zein lasterketa duzu gogokoen?

Ez dut lasterketa zehatz bat buruan, baina 10 kilometrokoak dira gehien gustatzen zaizkidan lasterketa motak. Maratoi erdiko probak ere oso gustura egin izan ditut.

Errepidean eta pistan lehiatzen duzu. Inoiz pentsatu duzu moda-modan dagoen trail running modalitatea praktikatzea?

Udan, mendialdera joan izan naiz entrenatzera, baina belaunean mina hartu nuenetik, horrelako praktikek beldur apur bat ematen didate. Izan ere, esfortzua askoz ere handiagoa da gorputzeko atal horretan. Dena dela, praktikatzeko aukera edukiko dut eta, ahal dudanean, animatuko naiz.

Ba al duzu datozen asteetan lasterketarik egiteko asmorik?

Pare bat ditut, bai. Otsaileko lehen asteburuan Donostiako Ulia lasterketa daukat, 10 kilometrokoa. Espania osotik bertaratzen da jendea lasterketa famatua delako. Ondoren, martxoan, Laredon (Kantabria) beste 10 kilometroko lasterketa batean parte hartuko dut. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!