Joxe Manuel Erkiziari aitortza ekitaldia Ontza elkartean

Aiurri 2023ko urt. 30a, 19:38

Ehun urte betetzen ditu udaberrian Joxe Manuel Erkiziak, eta larunbat gauean omenaldi xume bezain goxoa eskaini zioten Ontza elkarteko kideek. Hunkituta hartu zuen familiak, lagunek eta bazkideek egin zioten aitortza. Bideoan, omenaldiko unea ikus daiteke: 

Afariaren ostean, elkartean bilduak ziren kide guztiek, zutik jarri, Aitor Mendiluze bertsolariak osatu dituen bi bertso abestu zizkioten. Hona zer dioten bi bertsoek:

Joxe Manuel, ehun urte
ez da bide motza.
Kaletxikiko pieza
ehiztari zorrotza.
Euskal Herriak bete
dizula bihotza,
Eskertzeko egin nahi
dizugu aitortza.
Zu bertan izateaz
harro dago Ontza

 

Bizitzari enbido,
ezinari paso,
pare ederrak eta
jokoan eraso.
Dena ez zen gozoa
izango akaso,
baina zure elkarte
eta zure auzo,
bihotzez gu guztion
zorionak jaso.

Abestiaren ostean, azken urtean Ontza elkarteko zuzendaritzako lehendakaria izandako Xabier Huitziren eskutik, bi oroigarri jaso zituen Erkiziak. Hain zuzen ere, bere irudiarekin egindako erretratua eta aginte makila.

Joxe Manuel Erkizia, Ontzako bazkideekin larunbatean afal-ostean.

 

Barrenetxearen elastikoa eta saskia

Opari gehiago jaso zituen Erkiziak larunbatean, Ontza elkartean. Jakinda Erkizia esku pilotari trebea izan zen gazteetan, pilota zale amorratua betidanik, eta jakinda, aspaldiko urtetan ez duela hutsik egiten Galarretako erremonteko pilota partiduetan eta bertan aritzen den Barrenetxea pilotaria duela kuttunena. Bada, horrexegatik, beste bi opari berezi-bereziak jaso zituen: aipatu pilotariaren elastikoa eta erabilitako saskia. Biak ala biak azken urteko txapelketa ezberdinetan erabili izan ditu. 

Joxe Manuel Erkizia, Miren eta Joseba seme-alabarekin, eta Beñat bilobarekin, eskutan Barrenetxearen elastikoa eta saskia dituela. 

 

Zuzendaritza berria

Bestalde, afarian zehar, Pedro Elustondo Zalakain ohorezko bazkide izendatu zuten.

Xabier Huitzi artean Ontzako lehendakaria izan dena, eta Pedro Elustondo Ohorezko Bazkide berria. 

 

Azkenik, larunbateko afarian urteko balantzea egiteko eta orain arteko zuzendaritzak datorrenari lekukoa emateko baliatu zuten. Era horretan, artean Xabier Huitzik lehendakari izan duen zuzendaritzak, hemendik aurrera Joseba Arabaolaza lehendakari izango duen zuzendaritza berriari pasa zizkion ardura guztiak, modu ofizialean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!