Pentsioen %8,5eko igoeraren gainean mintzatu ziren atzo pentsiodunen elkarretaratzean

Aiurri 2023ko urt. 31a, 14:05

Andoaingo pentsiodunak atzokoan ere bildu egin ziren, pentsio publiko duinak eskatuz. Aste honetan kotizazio peko pentsioak %8,5eko eguneraketarekin kobratu direla eta, neurri horren gainean egin den irakurketa baikorrarekin kritiko agertu ziren.

Mobilizazioek eragin dutela %8,5eko igoera adierazi ostean, zera azaldu nahi izan zuten: “Batzuek nabarmendu nahi izan dute, igoera horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko pentsioa 131 euro handitu dela hilean iazkoaren aldean, 1.474 eurora iritsi arte, eta, batez besteko erretiro-pentsioa 1.677 eurokoa dela. Eta gaineratzen dute 2023ko pentsioen guztizko gastua 12.000 milioi ingurukoa izan daitekeela. Ideia hau zabaldu nahi dute: EAEko pentsioak “ez daude gaizki”, pentsioen guztizko faktura oso altua dela, gizarte-segurantzaren kutxako gastu eta diru-sarreren arteko aldea handitu egiten dela eta horrek defizita areagotzen duela. Era berean, ez dute aukerarik galtzen EAEko pentsioak Espainiako Estatuko beste zenbait Erkidegoetakoak baino dezente handiagoak direla nabarmentzeko”.

Igoera horrekin egin den deskribapena "mugatua eta aldebakarrekoa" dela gaineratu zuten.

“Zenbait aspektu ezkutatzen saiatzen ari dira. Hala nola:

- Euskal Autonomia Erkidegoan, 1.000 €-tik beherako pentsioarekin jarraituko dute 171.000 pertsona inguruk, eta Nafarroako Foru Komunitatean 50.000 pertsona baino gehiagok.

- 65 urte edo gehiagoko dozenaka mila pertsonak jasoko dute hilean 783 euroko gutxieneko kotizazio-pentsioa, bakarrik bizi badira.       

- Kotizaziopeko gutxieneko pentsioa jasotzen duten gehienak emakumeak dira, baita kopuru horretatik behera ere.      

- Arazo hori areagotu egiten da kotizazio gabeko 484 euroko pentsioa jasoko duten pentsiodunekin.

- Termino erlatiboetan, Espainiako Estatuan egoera are okerragoa da Hego Euskal Herrian baino, 4.747.000 pertsonak jasotzen baitituzte 1.000 eurotik beherako pentsioak”.

 

“Kexatzeko” badaudela motiboak

Azkenik, pentsiodunek kexatzeko arrazoirik ez daukatela diotenei, honako gogoetak kontuan hartzeko eskatu zieten kontsejupean egindako elkarretaratzean: “% 8,5eko eguneratze honekin ez ditugu inolaz ere berreskuratzen azken urteetan izan ditugun galerak, batez ere azken bi urteotan; 2021ean, %2,5 baino ez ziguten eguneratu, Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) %5,5ekoa izan zenean, eta 2022an, berriro %2,5eko eguneraketa izan genuen, KPIa %6,8koa izan zen bitartean; gainera, ez zizkigutela zegozkigun atzeraeraginezkoak ordaindu.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!