Eraginkortasuna edo sentsibilitate eza

Ikastaroetako ikasleak 2023ko ots. 3a, 07:00

Duela bi hilabete gutxi gorabehera, Andoaingo Udalaren gutun bat jaso genuen eta bertan adierazten zitzaigun pintura, eskultura eta gainerako ikastaroak, 2023ko urtarrila arte, etenik geratzen zirela, zehaztu gabeko zenbait aldaketa egin ahal izateko. Urtarrilaren amaieran gaude eta oraindik ez dugu inongo berririk jaso.

Izan ere, adin bateko pertsona talde bat kaltetuak suertatu gara, ez bakarrik gure zaletasunetan (pintura, taila...), baizik eta oreka emozionalerako funtsezkotzat jotzen dugun beste alderdi batean, hau da, gure adin bereko beste pertsona batzuekin uneak partekatzean.

Jarduera horietan parte hartzen dugun pertsonen beharrak kontuan hartu izan balira, Udalak aipatzen zituen egin beharreko aldaketak, aldez aurretik kudeatu zitzakeen, ikasturte honetan ikastaroak eten beharrik ez izateko. Beraz, gertaera honetatik ondoriozta daitekeena, kudeaketan, eraginkortasun eza edo gure beharrengan sentsibilitate falta nabarmena da.

Egoeraren aurrean, jakinarazi zitzaigun bezala ikastaroak lehenbailehen martxan jartzea eskatzen dizuegu. Zuen erantzunaren zai gelditzen gara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!