Jaietako igandean pasako litzateke Frantziako Tourra, Kaletxikiko jai eremutik

Jon Ander Ubeda 2023ko ots. 3a, 07:00

2023ko uztailaren 2ko Tourreko etaparen ibilbideak alerta piztu du Jai Batzordean. Zer egin? Tourra igarotzean auzoa jaietan izatea posible da?

Uztailaren 2an Frantziako Tourra Alkizako gainetik Andoain aldera iritsiko da, Urnietako bidea hartzeko. Erdiz erdi zeharkatuko du Kaletxiki, zeina egun horretan auzotarrak jaietako azken eguna ospatzen arituko diren. Bateraezintasuna sortu da.

Frantziako Tourra Euskal Herritik barrena igaroko da, uda honetan. Jakina zen, eta hori berez albiste ona da txirrinduzaleentzat. Udako kirol ekimen arrakastatsuena da, asko eta asko direlako telebistatik zuzeneko jarraipena egiten duten zaletuak. Haietako batzuk, gainera, Piriniotara joateko ohitura hartu dute txirrindulariak bertatik bertara animatzeko. Oraingoan, etxeko ataritik igaroko da txirrindularien karabana. Ibilbideari erreparatuz Donostiako Klasikaren ibilbide beretsua izango duela dirudi, bai behintzat inguru hauetako ibilbideari erreparatuta.

Alkizako gainetik jaitsi eta Asteasuko eta Zizurkilgo errepideetan barrena Adunara iritsiko dira. Sorabillatik egingo du sarrera lasterketak, eta hortik herrigunera. Andoain atzean uzten hasiko dira Kaletxiki aldean, Urnietarantz abiatzeko.

Kaletxikiko jaiak

San Pedro egunaren bueltan ospatzen dira jaiak Kaletxikin.  Ekainaren 29a osteguna da, eta ohiko denez jaiak iganderarte luzatuko lirateke. Baina Tourraren agerpenak alerta piztu du Jai Batzordean. Zer egin? Tourra igarotzean auzoa jaietan izatea posible da? Zein da biak batera aurrera eramateko bermea? Segurtasun neurri zorrotzak bete behar dira profesional mailako edozein lasterketan. Eta Frantziako Tourrean neurri horiek are zorrotzagoak izan ohi dira. Auzotarrek gogoan dutenez, Klasikoa auzotik igarotzen denean edukiontziak espaloira igo eta ibilgailuak bertatik kendu behar dituzte. Kaletxikiko plazan, jaietan, ikastetxearen ondoan txosna eta Berrozpe Kaperaren parean taula-gaina ipintzen dituzte. Gaurko egunez baterazinak dira bi ekitaldiak batera egitea. Kaletxikiko jaiak atzeratzea edo ospakizunak tokiz aldatzea, aukeren artean egon daiteke, Tourrak ez baitu egutegia aldatuko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!