"Munduko errekorra egiteko gogor entrenatu beharko dut"

Mikel Arberas 2023ko ots. 3a, 10:11

Argazkia: Kronika.eus

Ismael Mateo kirolariak ezustekoak ematen jarraitzen du, Europako txapeldun bilakatuta. Egun, munduko errekorra egitea du xede.

Zer da Hyrox kirol diziplina?

Duela bost urte sortu zen, gutxi gorabehera. Exigentzia maila handiko kirol mota da. Lasterketa eta ariketak uztartzen ditu; hau da, zortzi kilometro lasterka eta zortzi ariketa egin behar dira. Kilometroko korrikaldiaren ostean egin behar da ariketa. Proben izenak nahiko arrotzak dira askorentzat, izan ere, ingeles jatorrikoak dira; besteak beste, SkiErg, Sled Push bi aldiz, Burpee Broad Jumps, Rowing, Farmers Carry, Sandbag Lunges eta Wall Ball. Agian, hobekiago ulertzeko, errazagoa egingo zaizue Interneten begiratzea.

Duela gutxi, Europako Hyrox txapelketa irabazi zenuen, 50-54 urte bitarteko adin tartean. Lorpen handia da hori...

Lorpen interesgarria da, bai. Egia da ere, adin tarte horretan aurkari edo lehiakide gutxiago ditudala; hala ere, parte hartzaile gutxiago egon arren, fisikoki maila oso altukoak dira. Esaterako, estatu mailan nahiko erraz gailentzen ari naiz, baina Europan egoera aldatu eta zailtasunak areagotu egiten dira. Horrez gain, testuinguruan jartzearren, maila guztiak kontuan hartuko bagenitu, 17. postuan sailkatuko nintzateke. Ez dago batere gaizki, jakinda gazte indartsu ugari datozela atzetik.

Esanak esan, kirol polita da honakoa. Neska-mutilek parte hartzen dute, maila edozein dela ere. Gainera, lehiaketak adin tarteka banatzen direnez, oreka mantendu ohi da lehiakideen artean.

Europa Hyrox txapelketaz gain, mundukoa ere ba al dago?

Mundialean lehiatzeko sailkatu egin behar da; alegia, onenak soilik joaten dira. Esan bezala, kirol berria da Hyrox, beraz, oraindik zabaltze eta ezagutze prozesuan dago. Adibidez, Euskal Herrian, Bilbon, lehen edizioa egingo da hurrengo astean. Zera esan nahi dut, gutxinaka, oso ezaguna egiten ari den diziplina da, eta asko zabaltzen ari da Euskal Herrian, Espainian eta Europan.

Beraz, entrenamenduak ezingo dira edonon egin, ezta?

Gure kasuan, gimnasioa moldatu behar izan dugu; izan ere, Hyroxeko ariketa batzuk egiteko leku zabala edukitzea funtsezkoa da. Beraz, gunea moldatu eta makinaria berria erosi genuen. Nolabait esateko, gu izan ginen lehenengotarikoak horrelako entrenamendu gune bat osatzen. Egun, badira kirol hau praktikatu ahal izateko gune gehiago; nire ustez, datozen hilabete eta urteetan sakon errotuko den diziplina izango da.

Txapelketan erakutsi duzun maila altua mantentzeko nolako entrenamenduak egiten dituzu?

Denetariko entrenamenduak egiten ditut, baina, azken asteetan, burubelarri nabil hankak indartzen; korrika saioak egin eta mendira joaten naiz sarritan. Kirol proba guztietan oso garrantzitsuak dira hankak. Gainera, munduko errekorra egiteko gogor entrenatu beharko dut. Bestalde, lehen erantzunean aipatu ditudan kirol probak entrenatzen aritzen naiz ere.

50 urtetik gora horrelako kirol probetan parte hartzea erronka handia izan behar du...

Dudarik gabe. Betidanik kirol munduan murgilduta egon naiz, baina zahartzen ari naiz -kar, kar, kar-. Fisikoki oso ondo nagoen arren, urteen pisua asko nabari da. Hori gutxi balitz, atzetik datozen gazteak harrigarriak dira, maila oso altukoak. Adibidez, Igor Arruti urnietarra oso ona da eta etorkizunean zeresana emango du; altua da, indartsua, lasterkari azkarra eta lehiakorra.

Datozen asteetan ba al duzu txapelketarik?

Bilbora joango gara BECen egingo den probatara eta, aurrerago, Bartzelonara eta Malagara bidaiatuko dugu. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!