Berdintasunaren oihalak, emakumeek batuta kaleak hartzeko

Xabier Lasa 2023ko ots. 3a, 15:50

“Emakumeak batu, eta kolore anitzeko oihalez kaleak hartzea” izango du ardatz aurtengo Martxoaren 8ko ekitaldia nagusiak. Horretarako, herriko zenbait eraikinetan (anbulatorioa, liburutegia, kiroldegia, Ataria, ikastetxeak) jarri diren kutxetan oihal puskak uzteko gonbitea zabaldu dute. “Berdintasunaren oihalak” izango dira, emakumeek Andoaingo kaleak har ditzaten, jai giroa eta aldarrikapena uztartuta.

Azken hamar urtetan Martxoaren 8ari lotuta “Pausoz pauso” ekimena antolatu izan duen lan taldeak eman zuen jakitera ekimen berria, hiru helburu argi edukita: “festa giroa, aldarrikapena eta belaunartekotasuna”.

Jon Larrañaga lan-taldeko ordezkariak hartu zuen hitza, egitasmoaren berri emateko:

“Andoaingo emakume guztiak protagonista izatea da eta saretzen segitzea da gure gogoa. Azken 10 urtetan, eta pandemia iritsi arte, Andoainen kalera atera eta emakumeak biltzeko ekitaldi handia antolatu izan dugu, eta urtez urte 8 emakume omendu izan dira “Pausoz pauso” izeneko ekimenaren eskutik. Nolanahi ere, ikusi dugu fase berri batik ekin behar zitzaiola”.

Orain arteko hiru helburuak garbi edukita heldu nahi diotela ziklo berri horri esanez jarraitu zuen Larrañagak: “festa giroa nagusitzea, aldarrikatzailea izatea eta belaunartekoa, hots, adin guztientzako, izan gazte izan helduentzako izatea”.

Emakumeak batuta gehiago direla aldarrikatzen segi nahi dutela erantsi zuen Larrañagak, “batu eta kaleak hartu nahi ditugu, alde batetik modu figuratiboan eta mezu aldarrikatzea zabalduz. Izan ere, oraindik ez baikaude seguru kaleetan, eta horrexegatik, kaleak gureak ere badirela aldarrikatu behar dugu, eta gainera, batuta”.

Denbora berean, kaleak modu fisikoan hartu nahi dituztela gogorarazi zuen Larrañagak, “Kaleak hartzera goaz, kaleetan saretu egingo ditugu emakumeak, ehundu egingo ditugu; hain zuzen, oihalek eta koloreek hartuko dute kalea”.

 

Berdintasunaren oihalak josi

Lan-taldeko Ianire Huizik xehetu zuen martxoaren 8aren inguruko ekitaldi nagusia: “martxoaren 4an, larunbatez, izango da. 12:00etan hasita, bi martxa abiatuko dira Andoaingo punta banatatik, Ama Kandida Etorbidetik eta Algodonerako Emakumeen plazatik. Horrela, jabetu daitekeenez, emakumeen izaneko plazak aukeratu ditugu. Bada, emakumeen izenak daramaten leku guztiak zeharkatuko ditugu martxa honekin, eta bukatu, Bastero atarian”.

Iaz plaza horri izena aldatzeko proposamena egin zena gogoratu zuen Huizik. “Plaza Morea Andreurdinarena, eta guk andre urdina gogoratu nahi dugu, orain dela 400 urte Bastero parean bizi zen emakumea hain zuzen”.

Sorpresaz beterikoa eta festa giroko ekitaldia izango dela esanez, herritarri bertaratzeko deialdia egin zien Huizik, azkenik.

 

Jostunen eskuhartzea

Oihalek daukaten sinbologia eta horiekin zer egin nahi den azaldu zuen Larrañagak: “Berdintasunaren oihalak, berdintasuna ehundu, oihalez josi kolorez betetzeko, eta oihalez josteko, herria eta kaleak oihalez betek nahi dira aurten”. Gehitu zuenez, eginkizun horretan protagonismo berezi-berezia edukiko dute jostunek eta jada ari dira lanean.

Otsailaren 16a bitarte, herriko zenbait tokietan jarri dituzten kutxa berezi batzuetan utzi ahal izango dira oihal puskak. Honako tokietan, hain zuzen: Anbulatorioan, liburutegian, kiroldegian, udaletxeko Atarian eta bigarren hezkuntzako ikastetxe guztietan. “Edozer oihalek balio digu: izan maindirea, izan izara, izan galtza puskak… Koloreak ere izan litezke, morea, urdina, nahiz beste edozein”.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!