"Lidergo argia, kudeaketa talde bat eta EAJ-PNVren indarra behar dira”

Jon Ander Ubeda 2023ko ots. 3a, 17:38
Goenaga egungo hautagaia eta Izagirre aurreko hautagaia, berriki ateratako argazkian.

Udal ordezkaritza duten lau alderdietatik EAJ-PNVren hautagaia ezagutzea falta zen, 2023ko maiatzaren 28ko Udal hauteskundeei begira. Bada, zurrumurruak bete dira eta alkategaia Imanol Goenaga Egibar egungo zinegotzia izango da.

Bultzada berria eman nahi dio Andoaini, hori adierazi du prentsa ohar bidez: "Ilusioz eta proiektu sendoekin, etorkizuneko erronkei arrakastaz aurre egiteko prest". Alderdiak, bere aldetik, hautagaiaren “prestakuntza, esperientzia eta ilusioa nabarmendu ditu eta, bereziki, lanerako gaitasun handia. Bere ekarpena erabakigarria izan daiteke Andoainentzat, garrantzia handiko une honetan".

Alderdiak ohar berean bere soslaia azpimarratu du: Hautagai jeltzalea arkitektoa da ikasketaz, hirigintzan espezializatua, eta lanbide horretan hainbat estudiorentzat lan egin du, birgaitze, energia-eraginkortasun eta obra zibileko proiektuen arduradun gisa. Andoaingo gizarte-bizitzan eta alderdian oso inplikatutako pertsona da, eta orain Goenagak konpromiso hori hurrunago eraman nahi du.

Eusko Jaurlaritzarentzat ari da lanean, EAJ-PNVk oharrean jaso duen bezala: "Goenaga, hain zuzen, Arantxa Tapiaren kabineteko kide izan da azken urteotan, eta sailburuaren konfiantza-nukleoaren parte izan da”.

Andoaingo Udaletxean parte hartze aktiboa izan du alor ezberdinetan, nahiz eta funtzio zehatzik ez izan. Agintaldi honen hasieran ez zen zinegotzi modura aritu, ez baitzen bera aukeratua izan. Iñaki Egibarrek dimisioa eman ostean hartu zuen zinegotzi akta eta geroztik zeresan handia izan du Kulturan eta beste zenbait departamentutan. Askotan bera izan da EAJ-PNVren bozeramailea.

Jeltzaleen buruzagitza 36 urteko gazte andoaindarraren esku dago, Udal politikagintzari dagokionez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!